Web mapa
Hizkuntzak

Liburutegiak

Donostiako Udal Liburutegiak hiritar guztientzako zentroak dira, eta doan eskaintzen dituzte beren zerbitzuak, hots, informaziorako, kulturarako, hezkuntzarako eta ezagutzarako irispidea.

18 liburutegik osatutako sare honek:

  • Modu pertsonalizatuan aholkatzen eta artatzen zaitu informazio baliagarria bilatzeko, dena delarik interesatzen zaizun gaia.
  • Eskura jartzen dizu 600.000 liburu baino gehiagoz osatutako bilduma bat, zenbait euskarritan: liburuak, aldizkariak, Cdak, DVDak, eta abar. Gai-eremu guztiak hartzen ditu, eta etengabe eguneratzen da liburutegian bertan kontsultatu ahal izan ditzazun interesatzen zaizkizun materialak, edota, nahiago izanez gero, mailegutan eraman ditzazun.
  • Ikastaroak eta bisitak programatzen ditu, liburutegietako zerbitzuak eta erabilgai dituzun informazio-baliabideak ezagutu ditzazun.
  • Kultur jarduerak, tailerrak eta abar antolatzen ditu.
  • Interneterako sarbidea ematen dizu, eta eskura jartzen dizkizu ofimatika-lanetarako ekipoak.

Liburutegiak zenbakitan:

  • Memorian, liburutegien zenbaki-datu guztiak aurkitu ahal izango dituzu.

2021eko memoria

Historia

Donostiako lehen Liburutegi Publikoa oso ekinbide goiztiar baten ondorio izan zen: 1844an, Sebastian Miñanok bere liburu-bilduma eman zuen dohaintzan. Baina Miñanok ez zuen ikusi bere asmoa buruturik. Handik hogeita hamar urtera gertatu zen hori, 1874an, Andia kaleko Liburutegia inauguratu zenean, zeinaren lehen zuzendaria Jose Lopez Aizpuru izan baitzen.

Haren ondorengoak, Jose Manterola Beldarrainek, bultzada handia eman zion Liburutegiari, eta euskal gauzen atal berezi bat sortu zuen (“Sección Especial Bascongada” deitu zion berak).

Geroago, Ricardo Baroja, El Urumea egunkariaren sortzailea, izendatu zuten Liburutegiaren zuzendari.

Zendu zenean, Antonio Arzak Alberdik ordezkatu zuen. Arzak liburuzainari zor zaio liburutegiaren lehen katalogo inprimatua.

1910ean, Francisco Lopez Alen zuzendari zela, Liburutegia Arte eta Lanbide Eskola zegoen eraikinera aldatu zuten, gaur egun Correos zerbitzuaren bulegoak dauden eraikinera, Urdaneta kalean.

Praxedes Diego Altuna zuzendari zelarik –1931ra arte izan zuen kargu hori–, liburutegia aberastu egin zen Fermin Lasala y Collado Mandasko Dukeak egindako dohaintzari esker, 10.000 ale inguruko liburutegia baitzeukan, tartean Gazette Nationale ou Le Moniteur Universel eta Revue des Deux Mondes aldizkariak.

1932an, Rufino Mendiola zuzendari zela, Liburutegia San Telmoko domingotarren komentura aldatu zuten, eta azkenik, 1951n, Konstituzio Plazako Udaletxe zaharrera. Berrikuntza aipagarri bat Haur Liburutegiaren sortzea izan zen. Rufino Mendiola izan zen Liburutegiko zuzendaria 1960ra arte.

Rufino Mendiolaren ondoren, lehen emakumea, Eulalia San Agustin Barraca, Artxibozain eta Liburuzainen Kidegokoa. Liburutegiak kontserbazioa eta ikerkuntza izan zituen eginkizun nagusiak, harik eta 1986an mailegu-zerbitzua inauguratu zen arte. Hurrengo urtean, 1987an, Okendo eta Casares kultur etxeetako liburutegiak ireki ziren

1992an, Susana Soto Aranzadik ezarri zituen Donostia Kulturako Udal Liburutegien Sarearen oinarriak. Sare horrek Liburutegi Nagusi bat du gaur egun, hiru eraikinetan banatua: Haur Liburutegia, Fermin Calbeton kalean, 1994. urtetik; Sail Nagusia, Udaletxearen etxabean, Alderdi Ederreko lorategietan, 1999tik; eta Konstituzio Plazako eraikina, non baitaude Liburutegi Zerbitzuaren bulegoak eta Unitate Tekniko Nagusia, eroste- eta katalogatze-prozesuaz arduratzen dena. 2010ean, zuzendaritza Arantza Urkia Etxaberen esku geratu

Gaur egun, liburutegi-sare gisa funtzionatzen du, eta honako hauek osatzen dute::

  • Liburutegi Nagusi bat, hiru eraikinetan banatua.
  • 10 liburutegi kultur etxeetan.
  • 4 liburutegi espezializatu.
  • Erabilera bikoitzeko liburutegi bat, Martuteneko Arantzazuko Ama ikastetxean.
  • Liburutegi bat Urgull mendian, udako hilabeteetan.