Web mapa
Hizkuntzak

Egia

Kultur Etxea

Mahai-jokoak, rol-jokoak, munduko kasete birbobinatze txapelketa, Friki zozketa... Egiako Liburutegian Friki Harrotasunaren hilabetea ospatuko da maiatzean zehar eta programa berezia antolatu dute lau ekintza nagusirekin. 

Frikiegia 2024

Friki Harrotasunaren jaialdia maiatzaren 10ean hasiko da, baina jarduera paraleloak ere izango dira hilabete osoan zehar. Jarduera horien bidez, Egia auzoko neska-mutilek liburutegia apainduko dute "frikien kanonek agintzen duten bezala"; edota ordenagailu-joko txikien lehiaketetan parte hartuko dute. Hona hemen Egiako Liburutegian prestatutako programa (ekintza guztiak 18:00etan izango dira):

  • Maiatzak 10: Mahai Jokoen Erauntsia. Frikiegiako leloetako bat hauxe da: "friki bat bera ere ez bere mahai jokorik gabe", beraz, taula eta dadoaren festa izango da.

  • Maiatzak 24: It's only rol, but I like it. Rol jokoak gustoko dituztenentzat, partida batzuk antolatu dituzte auzoko gaztetxoekin, bertako beteranoenekin eta erdian daudenekin. Aukeratutako gaia hau da: literatura.

  • Maiatzak 29:  Kasete birbobinatze II. Mundu Txapelketa Bic Boliarekin. Beso eta eskumutur boteretsuenak azkarrenak izateagatik borrokatuko dira.

  • Maiatzak 31: Urteroko hitzorduan hutsik ez egiteko, aurten ere Friki Zozketa Handia egingo da. Bertan, parte hartzaileek liburutegiko opari esklusibo bat irabaz dezakete. Hainbeste urteren ondoren, denetarik oparitu dute: katiluak, kamisetak, sukaldeko mantalak, eskuoihalak... 2024an, berriz, opari berezia: Hondartzako baloia.
    Zozketarako txartelak hainbat bidetatik lor daitezke:
    a) Liburutegiko dokumentu frikiak maileguan hartuta, hala nola telebista-serieak, komikiak, fantasiazko eta zientzia fikziozko liburuak, film fantastikoak eta horrelako lanak.
    b) Friki-Trivialean parte hartuz
    c) Poster-Frikietako pertsonaiak asmatuz
    Dagokion txartelaz gain, parte hartze bakoitzeko txapa bat emango da, friki diseinu batekin apaindua.