donostiakultura.com

Berriak

"PROIE” FILM FRANTSESAREKIN AMAITUKO DA DONOSTIAKO FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZIMENAREN ASTEA AZAROAREN 5EAN

Antoine Blossierrek zuzendutako Proie (2010) beldurrezko film frantsesak emango dio amaiera azaroaren 5ean, Antzoki Zaharrean, Asteari. Zuzendariaren lehen pelikula honetan teknikari profesional gailenek parte hartu dute lan-taldean, esate baterako Pascal Molinak –efektu berezien gainbegiratzaile El caso Bourne (2002) edo Transporter 3 (2008) filmetan, besteren artean– eta Nicolas Bonnellek –efektu bisualen ekoizle, beste hainbat lanen artean, Batman Begins (2004) eta Eclipse (2010) filmetan.

Horiez gain, Asteak iraungo dituen zazpi egunetan, nazioartean aurten izan diren genero ekoizpen onenetako batzuk ikusi ahal izango ditugu: ekialdeko filmak, esaterako Bedevilled korearra, Cannes Zinemaldiko Kritikaren Astean proiektatua eta Austinen (Texas) Publikoaren Saria jasotakoa; espainiarrak, horien artean, Secuestrados, baita Austinen ere bitan saritua (Film Onena eta Zuzendari Onena); Astean aspalditik ezagun ditugun zenbait zuzendariren film berriak, horien artean, Chris Smith britainiarrarena (Black Death) edo Jalmari Helander finlandiarrarena. Azken honek Rare Sports film luzea aurkeztuko du, duela bost urte Donostian film labur batzuk proiektatu ondoren, Santa Klausen aztarrenak bilatzeari ekin ziotenak; zinema ausarta ere bai, 5150, rue des Ormes izanik adibideetako bat; animazio generoan Japoniatik datorkigun zinemarik onena (Redline); eta sorpresa ugari, urtero bezala.

Ondoren, aurtengo ASTEAREN SAIL OFIZIALEAN parte hartuko duten film luzeetako batzuen berri emango dizkizuegu, Publikoaren Saria Film Onenari lehiaketan parte hartuko dutenak, alegia (6.000 €-ko saria).

ASTEAREN SAIL OFIZIALEKO FILM LUZEEN AURRERAPENA

5150, rue des Ormes (Kanada, 2009). Éric Tessier

Kale lasai baten bukaeran (izenez, hori bai, oroitzapen zuzena bezain kezkagarria duena: Zumarren kalea), Kanadako probintziako hiri baketsu batean, Yannick gaztea bizikletatik erori da eta familia arraro batek bahitzen du, aita zorrotza buru dela, autoritario, ultrakontserbadorea eta xakean garaiezina bera. Yannick dimentsio ezezagun batean barneratzen da. Ihes egiten saiatu beharko du, bere askatasuna berreskuratzeko ez ezik, batez ere, bere adimen osasuna zaindu ahal izateko. Éric Tessier québécois-aren hirugarren film luzea, bere herrikide Patrick Senécalen aurreneko nobelan oinarritua.

Bedevilled (Hego Korea, 2010). Jang Cheol-soo

Hae-wonek banketxe batean lan egiten du Seulen. Hilketa baten lekuko izan ondoren, atsedenaldi labur bat hartu eta Moo-do uharte urrunera joatea erabaki du. Bertan, aspaldi batean bisitatu zituen aiton-amona eta utzi zuen atzean lagun bat, Bok-nam, orain hango biztanle urrien esklabo bihurtuta aurkitu duen neska. Laguntzeko eskatzen dio eta dirudienez prest dago Hae-won. Baina uharte txiki-txiki honetako bizimoduak ez du batere zerikusirik hiriburuko bizimoduarekin. Gizakiari buruzko gogoeta itogarria, Jang Cheol-soo zuzendari estreinatu berriak zein krudel izan gaitezkeen erakusten baitigu bertan: “Eremu zabalean, krokodilo bati ez diogu beldur. Zingira batean ezkuturik, ordea, hezurretaraino sartzen zaigu beldurra. Gaizkiak ezkutatzen duena ez dira hormak, zuhaitzak edo legeak. Gu geu gara. Eta gure bizilagunak”.

Black Death (Erresuma Batua-Alemania, 2010). Christopher Smith

Chris Smith britainiarraren laugarren film luzea. Aurretik ere, Severance (2006) eta Triangle (2009) aurkeztu izan ditu Donostian. Sean Bean –El señor de los anillos (2001-2003)– eta Carice Van Houten –El libro negro (2006)– dira sorginkeria, ezkutuko indarrak, Bibliako zorigaitzak eta fedea gaitzat dituen Erdi Aroko istorio honen protagonista. Izurritea, Europa osoan zabaldua, ez omen da iritsi baso artean galdutako herri batera. Bertan nekromante bat dagoelako beharbada, bere ahalmen maltzurrekin hildakoak berpizteko gai dena. Monje gazte bat arduratzen da mertzenario talde bat gidatzeaz, esan ohi dena zer neurritaraino egia ote den iker dezaten. Ongiaren eta gaizkiaren indarrak (edo gizonak eta emakumeak besterik gabe?) etsaitasunezko garai batean aurrez aurre.

Captifs (Frantzia, 2010). Yann Gozlan

Lehen Jugoslavia izandako lurretan lanean ari diren hiru mediku bahitu dituzte etxerako bidean, oso baldintza txarretan hilabeteak han aritu ondoren. Giltzapetuta eta ikaratuta daude, ez baitakite zein izango den euren halabeharra. Hala, zain daude, eurekin zer egingo duten, zer asmorekin bahitu dituzten jakin nahian. Halako batean telefono hotsa entzuten da. Zerbait gertatzekotan denaren seinale, dirudienez. Eta deiak ez du batere susmo onik. Yann Gozlanen opera prima klaustrofobiko eta itogarria, diotenez benetako gertaeretan oinarritua.

Les nuits rouges du bourreau de jade (Frantzia-Hong Kong, 2009). Julien Carbon, Laurent Courtiaud

Kantondar opera batek “jadezko borreroaren” historia kontatzen du: pozoi bat sortu zuen hark, hartzen zuen edozein hiltzen zuena, eta azkeneko momentuan erabateko plazera ematen ziona. Gaur egun, elezahar hori errealitate bihurtu da itxuraz thriller dotore honetan. Bertan, emakume bat da protagonista, pozoi hori lortu nahian bere maitalea hilko duena. Giallo-tik, Hong Kongo ekintza zinematik eta ezpatak etengabe astintzen dituen ekialdeko fantasia erromantikoetatik osagaiak bildu dituen filma da hau, zuzendarien aurreneko lana. Hong Kongen bizi dira aspaldi batez. Bertan, Johnny To –Running Out of Time (1998)– eta Tsui Hark –Blask Mask 2 (2002)– zuzendarientzat idatzi izan dituzte pelikulak, eta besteren artean Wong Kar-wai zinemagilearekin lankidetzan aritu izan dira.

Proie (Frantzia, 2010). Antoine Blossier
(ESTREINALDIA ESTATUAN) (LEHIAKETAZ KANPO)

Clairek haurdun dagoela esan beharko dio familiari baita haien enpresa utzi nahi duela ere (betidanik lan egin izan duen pestizida enpresa). Egun horretan, ordea, basurde edo antzeko batek aita eraso du. Familiako gizonezko guztiak, Claireren senarra barne, basoan barrena sartzen dira zer gertatzen ari ote den eta aitona eraso zuena benetan basurde bat… edo antzeko zerbait ote zen jakitearren. Elkarren ondoan ehizan dabiltzan familiek elkarren ondoan jarraitzen dute. Harrapakina eurek izango badira batez ere. Antoine Blossierren opera prima, beldurrezko zinema puruenaren eta “Falcon Crest”-en (1981-1990) erdibidean dagoena.

Rare Exports (Finlandia-Norvegia-Suedia-Frantzia, 2010). Jalmari Helander

Rare Exports Inc. (2003) –Publikoaren Saria eta Epaimahaiarena 2005eko Astean– eta Rare Exports: Official Safety Instructions (2005) kultuzko film laburren ondoren, Jalmari Helander finlandiarrak Santa Klausen benetako historia osatu du hemen. Korvatunturi mendietako sakontasunean, 486 metroko sakoneran, Gabonetako sekreturik ezkutuena dago gordeta. Sekretu hori argitara ateratzeko garaia iritsi da, munduari Santa Klaus benetan nor den kontatzekoa. Gabonetako jaiegunak ez dira lehen izan zirena berriro izango Locarnon saritutako film hau ikusi eta gero.

Redline (Japonia, 2010). Takeshi Koike

Unibertsoko lasterketarik basatiena eta suntsitzaileena hasi berri da. Redline-n pilotu zailduenek parte hartzen dute, horien artean JP eta Sonosee, pistan lehiakide sutsuak biak baina ezkutuan maitemindurik kanpoan. Japoniako animazio generoko film ikusgarria, joan den urtean eta 10.000 ikusleren aurrean Locarnoko Piazza Grande-n aurkeztua. Film honek “harro” erakusten du bere irudiekin 2D animazioak duen ahalmena, oraingo garai hauetan animazio generoko edozein pelikula hiru dimentsiotan filmatu behar dela dirudienean.

Secuestrados (Espainia-Frantzia, 2010). Miguel Ángel Vivas

Jaime, Marta eta haien alaba Isabel, familia onekoak, hiriko aldirietako urbanizazio bateko euren etxe berrira bizitzera joan berri dira. Bertan igarotzen duten aurreneko gauean lapurretan sartuko zaie kriminal banda bat, ahalik eta diru kopuru handiena eurengandik lortu nahian. Zeharo ikaratuta daude. Miguel Ángel Vivas –Reflejos (2003) eta I’ll See You In My Dreams (2003) zombien film laburraren zuzendaria, azken hau duela urte batzuk Astean proiektatua– amore ematen ez duen film biluzi eta errealista honekin datorkigu. Bertan, hauek dira protagonistak: Fernando Cayo –El orfanato (2007), Pájaros de papel (2010)–, Manuela Vellés –Caótica Ana (2007), Camino (2008)– eta Ana Wagener –El séptimo día (2004), Biutiful (2010)–. Film Onenaren eta Zuzendari Onenaren Sariak Austingo (Texas) duela gutxiko Fantastic Fest zinemaldian.

MONSTERS ETA EL ÚLTIMO EXORCISMO EMANGO DIRA FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMAREN XXI. ASTEAN (URRIA 30 ­ AZAROA 5)

Beldurrezko zineman aurten ikusmin handiena sortu duten filmetariko bi emango dira, Ingalaterrako Monsters (2010), Gareth Edwards-ena, eta Estatu Batuetako El último exorcismo (The Last Exorcism, 2010), Daniel Stamm-ena, urriaren 30etik azaroaren 5era bitartean izango den Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXI. Astean.

Foro eta webgune guztiak mintzo dira Monsters filmari buruz eta hainbatek azken urteetako munstro-film hoberentzat ere jotzen du. El último exorcismo, bestetik, Eli Roth-ek ekoiztua –Cabin Fever (2002) eta Hostel (2005) filmen zuzendariak­, dokumental itxuran atondu da Cotton Marcus agurgarriak egingo duen azken exorzismoaren istorioa azaltzeko.

Horiekin batera eta, urtero legez, genero honetan aurten egin diren filmik garrantzitsuenak izango ditugu: ekialdeko Dream Home (2010) harrigarriaren modukoak, Australiako The Clinic (2009), Amerikako Tucker & Dale vs. Evil (2010) dibertigarria eta urteko zinema europar nabarienaren lagin batzuk, hala nola, Alemaniako Die Tür (2009), Belgikako Vampires (2009) edota A Serbian Film (Serbia, 2009) basatia, zalantzarik gabe, inor epel utziko ez duen urteko filmik polemikoena.

Ondoren, ezagutzera ematen ditugu aurten ASTEAREN ATAL OFIZIALEAN parte hartuko duten eta, beraz, 6.000 euroz hornituriko Film Luze Onenarentzako Ikusleen Saria lortzeko lehiatuko diren film batzuen berri.

ASTEAREN FILM LUZEEN ATAL OFIZIALAREN AURRERAPENA

Death Kappa (Japonia, 2010). Tomoo Haraguchi

(ESTATUAN ESTREINAKOA)

Tomoo Haraguchi efektu berezien maisu japoniarraren film berria. Astean orain baino lehen ibilia, zuzendari lanetan egindako aurreko bere bi film luzeak Donostian aurkeztu zituen ­Sakuya: Slayer of Demons / Sakuya: Yokaiden (2000) eta Werewolf Warrior / Bakko yokaiden. Kibakichi (2003)­ eta 2008an erakusketa bat egin zen makillatzaile eta FXeko diseinatzaile arloetan egin duen lanari buruzkoa. Dibertigarria, aurreiritzirik gabea eta nahiko zoroa, karaoke-bideoak (munstro mitologikoak protagonista dituztela) eta Godzillaren omenaldiak txandakatzen ditu. Japoniako zine psikotropikoak, urtero bezala, bere tartea du Astean.

Dream Home / Wai dor lei ah yut ho (Hong Kong, 2010). Pang Ho-cheung

Beldurrezko eta odol askoko filma, etxebizitzaren inguruko gaur egungo arazoari buruzkoa, Txinan lekutua, baina, munduko edozein bazterretan gerta litekeena. Neska hongkongdar batek etxea erosi nahi du, burujabe bizitzeko. Bere bidea egiten hasteko eta apartamentu bat erosteko garaia dela pentsatzen du, baina, laster konturatuko da ez dela batere erraza, prezioak ordaindu ezinak baitira. Hala ere, ez dago edonola amore emateko prest. Etxebizitza eskuratu eta bere ametsa betetzeko behar den guztia egingo du; behar den GUZTIA. Genero-film harrigarria, uneko errealitateari estu lotua eta gazte-jendeari ideiak eman diezaiokeena, jakin dezaten nola erosi pisu bat… Donostian, adibidez? Pang Ho-cheung da zuzendaria eta 2007an Donostiako Zinemaldian lehiatu zen Exodus / Ceot oi kap gei filmarekin.

Monsters (Erresuma Batua, 2010). Gareth Edwards

Duela sei urte, NASAk lurretik kanpo bizi-arrastoak aurkitu eta biltzeko asmoz bidalitako ontzia Erdialdeko Amerikan erori zen, itzuleran. Eta bizi-forma berriak ekarri zituen. Mexiko erdia "eremu kutsatu"tzat jo zuten. Ipar Amerikako kazetari batek eta emakume turista batek eremu hori zeharkatu behar dute Gareth Edwards ia hasiberriak zuzendutako film honetan. Kritikak txalotu egin du –"urtetan ikusi dudan munstro erraldoien filmik onena", Ain´t It Cool News webgune prestigiotsuan diotenez–. Datozen hilabeteetan maizenik hizpide izango diren filmetariko bat, zalantzarik gabe.

A Serbian Film / Srpski Film (Serbia, 2009). Srdjan Spasojević

Urteko filmetan neurrigabekoenen artekoa. 2010ean ustekabekoa eman duten horietakoa da eta eskandalua, lilura eta eztabaida ugari sorrarazi du eman duten genero-zinemaldi guztietan. Lanbidea utzita zegoela, film berri bat egiteko kontratatzen duten Serbiako porno aktorerik ospetsuenaren istorioa da. Oso ondo ordaindutako lan horrek biziaraziko dion inoizko bere amesgaiztorik okerrenaren ondorioz, bizitza infernu bilakatzen zaio eta infernu horretan gero eta sakonago sartzen joango da, ilunpearen erdiguneko bihotzeraino iritsi arte. Beldur-zaletasunaren denboraldiko panorama irauli duen filma; denok, ikusi ez badute ere, hitzetik hortzera darabiltena. Srdjan Spasojević-en opera prima.

Tucker & Dale vs. Evil (Estatu Batuak-Kanada, 2010). Eli Craig

Gazte talde bat basoan barneratzeko prestatzen ari da. Virginiako bi laborarik denda batean topatzen dituzte, txangoa hasi aurretik. Beharbada, ezagun gertatzen da. Hala ere, Eli Craig-ek eta gidoilari kide duen Morgan Jurgenson-ek lortzen dute, batzuetan zaila ematen badu ere, horrenbestetan ikusitako gertakizunaren planteamenduari buelta osoa ematea eta film dibertigarria prestatu dute, originala, freskagarria… Agian, "basoan bertako hiltzaileek harrapatutako gazteen" azpigeneroa behin betiko agortuko duen filma. Denboraldiko bitxia, dudarik gabe, eta barre-algarak eragiten aurreko postuetan ibiliko den emanaldia.

Die Tür / The Door (Alemania, 2009). Anno Saul

Pintore bat –Mads Mikkelsen daniar aktore ezagunak interpretaturik, zeina bere herrialdean Anaiak (2004) edo Ezkontza eta gero (2006) bezalako filmen protagonista izana den eta nazioarteko zineman bere lehen urratsak emanak dituen, Bond saga berriko Casino Royale (2006) lehen filmean "gaiztoa"rena eginez– pintore hura, diogu, duela urte batzuk bere alaba txikienaren heriotzagatiko erantzukizunak lur jota dago, inolako itxaropenik gabe… eta halako batean konturatzen da atzera egin dezakeela, ezbeharraren unera arte, eta gertakarien ildoa alde dezakeela. Ezaba al daiteke erabat iragana? Horren erraza al da zoriaren bidea aldatzea? Fantasiazko zinemaren eta thrillerraren arteko nahaste harrigarria, Kebab Connection (2004) filmaren arduradunak zuzendua.

El último exorcismo (The Last Exorcism; Estatu Batuak-Frantzia, 2010). Daniel Stamm

Estatu Batuetako salmenta-leihatiletan lehena izan da Eli Roth-ek zuzendutako film hau. Coton Marcus agurgarriak filmazio-talde bat gonbidatzen du, exorzista lanetan emango dituen bere azken egunetako lana dokumentaturik gera dadin. Baina, bere fedeak laster pasa beharko proba latza kameren aurrean, deabruak hartutako neskato batek –bere azken kasuak– deabruari berari indar betean aurre egin behar dionean.

Vampires (Belgika, 2009). Vincent Lanoo

"Ez dute beldurrik ematen. Ez dira sexyak. Ez daude modan… belgikarrak dituzue". Banpiroak berriz ere plazaratu diren honetan, agian berengana serioski eta benetan hurbiltzeko unea dugu: nola bizi diren Brusela bezalako hiri handi batean, zer amets eta itxaropen dituzten, beren beldurrak, elikatzeko ohiturak, lanak… Nola bizi da banpiro bat XXI. Mendean? Lan dokumental zorrotz honek errespetu handiz jotzen du Bruselan bizi den banpiro-familia batengana, beren ohiturak zertxobait hobeto ezagutzeko. Vincent Lannoo-k zuzendu du, Ordinary Man (2005) filmaren egileak; urte horretako Astean Carlo Ferrante eta Vera Van Dooren protagonistek aurkeztu zuten filma, eta honetan ere beraiek dira aurkezle.

 

2010 - Semana de Cine Fantástico y de Terror. Unidad de Cine.
Donostia Kultura. Teatro Victoria Eugenia. Reina Regente 8, 4. 20003 Donostia - San Sebastián
Tel.: (34) 943 48 11 57/97 - Fax: (34) 943 43 06 21 E-mail: cinema_cinema@donostia.org