Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

San Telmok Gernikaren bonbardaketa ekarriko du gogora

Asteazkena, 2012(e)ko Apirila(r)en 25-(e)an

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena betetzen da eta San Telmo Museoak bat egin nahi du gertakari horren oroitzapenarekin. Hori dela eta, gaur, osteguna, apirilak 26, 20:30etan, Kukai dantza konpainiak "1937: gogoaren bidezidorretatik"  ikuskizunaren ordu erdi inguruko zati bat aurkeztuko du museoko elizan. Sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Kukai dantza taldearen eta Tanttakaren ekoizpena den "1937: gogoaren bidezidorretatik" ikuskizunak gerratik ihes egin behar izan zuten haurrei buruzko kontakizuna dakar taulara, dantza garaikidea eta dantza folkloriko tradizionala uztartuz eta ikusentzunezko baliabideez lagunduta.

Lanaren sinopsiak dionenez, "1937ko maiatzaren 7an Euskal Herriko milaka haur erbesteratu egin ziren. Familia atzean utzi eta benetako tristura eta bakardadea pairatu zituzten. Haur horien artean, zazpiren bizipenak aukeratu dira antzezlan honetarako. Beren unerik mingotsenak ezagutuko ditugun arren, poz uneak ere izango dira. Nola lortu hori? Dantza izango da haur horien lokarria eta Juan Mari Beltranen Arditurri diskoko doinu poetikoak sendiaren berotasuna ekarriko die arimaren bide zidorretatik...oroimenaren bide zidorretatik."

Juan Mari Beltranen melodia poetikoak, Jon Mayaren koreografia eta Mireia Gabilondoren zuzendaritzarekin osatutako ikuskizun honek IV. Donostia Antzerki Saria irabazi zuen.
Sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu