Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Hiriko museoa

2011. urtean ireki da berriro San Telmo, lau urteko itxialdiaren ondoren, eraberritze-egitasmoa burutu eta gero; horri esker, gune handiagoa dugu, bisitariari erakusketa iraunkor erabat berritua eskaintzeko gai dena, egun-eguneko baliabideak dituena eta euskal gizarteari ikuspegi berria dakarkiona, beste modu batez irakurtzen baita orain ondarea. Eraberritzeari esker, bestalde, San Telmok maila handiko aldikako erakusketak eskainiko ditu, zerbitzu berriak eta jarduera-programazio zabala; horien bidez, museoak ikus-entzule guztietara iritsi nahi luke.

Ateak zabalik berrirekiera asteburuan
Ateak zabalik berrirekiera asteburuan.
"Aztarnak oroimenean" aretoa erakusketa iraunkorrean
"Aztarnak oroimenean" aretoa erakusketa iraunkorrean.

 

Martxoaren 28an egin zen inaugurazioa, eta urteko gertaera nagusietako bat izan zen Donostian; ateak irekita egin ziren egunetan, apirilaren 2 eta 3an, ia 20.000 lagun bertaratu ziren ekipamendu eraberritua ezagutzera.

Irekiz geroztik, erakusketa iraunkorrak eta egin diren aldizkakoek ―6 mil millones de Otros, Federico Fellini. El circo de las ilusiones, Fab Bots, La aventura de la Prehistoria en Gipuzkoa―, erreakzio positiboak sorrarazi dizkiete bisitariei, eta haiek ondo erantzun diete museoak egindako proposamenei, hala non, bisita-kopuruei dagokienez, aurreikuspenen gainetik ibili baikara.

Museoak parte hartu du hiriaren kultur bizitzan, eta beste elementu dinamizatzaile bat bihurtu da bertan; orain, beste etapa bati ekin dio: sendotu egin nahi da erreferentzia-gune gisa, eta, aldi berean, ikerkuntza- eta zabalkunde-programa berriak jarri nahi ditu martxan.

Bisitariak

San Telmoren memoriak, batetik, museoan izandako bisiten kopurua jasotzen du. Bestetik, Urgull mendiko eskaintza koordinatuz jarraitzen du, eta berea du Motako Gazteluko Historiaren Etxeko erakusketaren ardura, non bisitari asko izaten baitira urtero.

  • San Telmo Museoko bisitariak:134.997

      Bisitarien jatorria
       %
      Donostia 23,7 %
      Euskal Herria 35,8 %
      Espainia 17,5 %
      Beste herrialdeetakoak 33,2%

      Bisitariak guneka
       GuneBisitariak guneka
      Erakusketen gunea (iraunkorra eta aldikakoa) 77,7%
      Kultur gunea 22,3%

       

      Talde-bisitei dagokienez, San Telmoren memoriak honako gune hauetan egin diren bisita gidatuen kopurua jasotzen du:

      1. Museoan bertan
      2. Donostiako Parte Zaharrean egiten diren bisitak, Kalejira I eta II programen bitartez
      3. Historiaren Etxeko erakusketako bisita gidatuak, Motako Gaztelukoak ―non bisitari asko izaten baita urtero― eta Urgull mendikoak.
      Bisitak
       San TelmoKalejiraUrgull
      Bisita gidatuak guztira 404 49 73
      Bisita gidatua egin duten bisitariak guztira 9.769 1.584 1.696
      Bakarkakoak 118.023

      Urgull

      Berriz ere, Motako Gazteluko erakusketa izan da erreferente hirian, 119.719 bisitari izan baititu guztira; kopuru horrek aurreko urteetakoak gainditu ditu (104.637 2010ean, eta 98.973 2009an).

      Aurreko urteetako jarduerak izan dira Urgull mendiko hiru guneetan: Liburutegia, Natur Txokoa eta Historiaren Etxea; uztail-abuztuetan, haur-programazioa izan zen, oso ondo hartua udako aisialdirako beste aukera gisa, natura, irakurketa eta hiriaren historia hobeto ezagutzeko. Cristina Enea Fundazioa arduratzen da Gobernadorearen Baterian den Natur Txokoaren eskaintzaz; Damen Bateriako liburutegia, berriz, Udal Liburutegien Zerbitzuak kudeatu du, ohi bezala; eta San Telmo Museoak jarraitzen du erakusketaz arduratzen, bai eta hiru jarduera-guneen arteko koordinazioaz ere.

      Bildumak

      Gaur egun, San Telmo Museoko Bildumen Katalogoak 27.379 objektu ditu inbentariatuta, eta honela sailkatuta:

      Bildumen Katalogoa
       Objektuak
       GUZTIRA 27.379
      Arkeologia 645
      Arte Ederrak  6.561
      Etnografia  7.938
      Argazkiak  9.563
      Historia 2.672

      2011n, bultzada handia eman zaio piezak erosteari, bilduman ziren hutsuneak betetzeko xedez; batez ere, prestatzen ari den erakusketa iraunkor berria osatzeko. Urtean zehar, 477 pieza sartu dira Museoan; horietatik, 7 erosita, 285 aldi baterako gordailuan, eta 185 dohaintza gisa.

      Dokumentazioa eta artxiboa

      2010. urtean bezala, lan asko egin da bildumak erregistratu, katalogatu eta argazkiak ateratzeko, batez ere urtearen lehen partean; izan ere, erosketak gehiago izan dira, eta Museoko erakusketa iraunkor berrirako hautaturiko bildumak prestatzeak eta eramateak kontrol eta informazio-premia gehiago sortu dituzte. Jantzien eta ehunen bildumei buruzko katalogazioari eta ikerkuntzari dagokienez, Ikerfolken lankidetza izan da aurte ere.

      Urtean zehar, asko bultzatu da museoko bildumei dagokien dokumentazioa digitalizatzea: piezen dosierrak, zahar-berritzeen txostenak, erosketen egiaztagiriak eta dokumentazioa, fitxa zaharrak, erregistro-liburuak, komunikazio-liburuak, eta abar. Lili Etxeko Artxiboa ―museoaren funtsa baita― digitalizatzen hasi gara IRARGIrekiko (Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroa) hitzarmen bati esker. Orobat, digitalizatu egin da Caracasko Errege Konpainiaren Kopiatzailea, hori ere museoaren bildumetakoa baita.

      Orobat, lan asko egin da dokumentazio-sisteman: bildumen katalogoa, orain Filemaker-en, Dokumentazio Sistema Digital bihurtu da, eta hartara, aplikazio bakarrean biltzen ditu gero eta baliabide dokumental gehiago. Aurten, modulu bat gehitu zaio Museoko argazki digital guztiak kontrolatu eta haietara sarbidea izateko; beste modulu bat, berriz, bulegoko artxiboko dokumentazioa erregistratzeko eta kontrolatzeko; eta katalogoa orain arte digitalizaturiko dokumentazioarekin lotu da, hartara bildumen fitxatik haiei dagokien dokumentazio digitalera iritsi ahal izateko. Horretarako, Nafarroako unibertsitateko bi lagunen lankidetza izan dugu, gurekin praktiketan aritu baitira.

      Kontsulten eta erreprodukzio-eskaeren kopurua aurreko urteetakoen antzekoa izan da. Ehundik gora kontsulta eta hogeita hamar bat erreprodukzio-eskaera.

      Bildumen erosketaren osagarri, zenbait elkarrizketa grabatu dira, interes dokumentala duten ikus-entzunezko lekukotzak gordetzeko xedez: Gregorio Olasagasti, angula-harrapatzaile eta gabarrazaina, eta Manu Urtiaga, Pasaiako Esportatzaileen Kooperatibako telefonozaina.

      Liburutegia

      3.000 erabiltzaile inguru pasatu dira San Telmoko liburutegi espezializatutik, 2011n martxan jarri zenetik (martxoan ireki, baina maiatzean hasi zen bete-betean funtzionatzen). Denboraldi horretan, funts modernoko 1.300 mailegu zenbatu dira gutxi gorabehera, eta kontsulta asko funts zaharrekoak; izan dira San Telmon informazio bila etorri ohi diren ikertzaileak, bertako erakusketa-liburuxka, liburu eta aldizkari zaharrak kontsultatzera. Guztira, erreserba-funtsean ehun bat kontsulta izan dira gutxi goabehera.

      232 metro koadroko espazioan, 309 metro lineal dira apaletan, eta bertan 11.500 liburu; 12 azterketagune daude, ordenagailu eramangarrirako komexioarekin. Ordenagailu bat dago OPACerako eta interneten kontsulta egiteko. Gainera, besaulkien alde bat aldizkarien gune inguruan, eta haurrentzako txoko bat. STMko liburutegia museologian, artean, ondarearen kontserbazio eta zaharberritzean eta Euskal Herriko historian espezializatutako zentro izateko pentsatua da, etnografiaren, gizartearen, ekonomiaren, artearen eta historiaren ikuspuntutik.

      Liburutegiaren beraren lanaz gainera (erabiltzaleei arreta eskaintzea, materiala hautatea, 500 titulu inguru erostea, dokumentuak katalogatu eta teknikoki prestatzea, besteak beste), STMko liburutegiko langileek museoaren beste egitasmo batzuetan parte hartu dute, hala nola erakusketa iraunkorra garatzen eta muntatzen eta aldikako erakusketei dagozkien jardueretan (ipuin-kontaketa, irakurketara bultzatzeko lantegia, Federico Felliniri buruzko bibliografia espezifikoak, historiaurreari buruzko bibliografia). STMko Memoriaren Artxiboaren egitasmoan lan egin da beste batzuekin batera, XX. mendeko gizarte-, kultura-, politika- eta ekonomia-testuingurua eraiki ahal izateko.

      Liburutegiko erreserba-funtsean gordeta dauden XX. mendearen hasierako dokumentuen digitalizazioa ere bultzatu da, Dokumentazio Historikoko Funts Digitala martxan jartzeko. Abuztutik, bestalde, Museoko Komunikazio-departamentuari eta bisitak kudeatzeko zerbitzuari laguntzen ari gara hainbat zereginetan.

      Zaharberritzea

      2011. urtean, Kontserbazio-Zaharberritze Departamentuaren ahalegin nagusia bilduma iraunkorra prestatzea izan da; alderdi guztietan, baina batez ere etnografia eta altzarien alderdietan. Etnografiaren alderdian, 160 piezatik gora zaharberritu ziren guztira, eta erakusketa iraunkorrean daude dagoeneko. Era guztietako objektuak dira, batez ere lanabesak.

      Altzarien bildumaren parte bat baserriaren eszenografian sartua izateko zaharberritu da (hamabi aulki, bi kutxa, bi zizailu...), eta beste parte bat museoaren beste gela batzuetan kokatu da (elizako 13 banku eta zenbait kutxa...). Horrez gainera, hainbat arlotako kanpo-espezialistak kontratatu dira: metalekoak (60 pieza, batez ere objektu etnografikoak eta armak), ehunak (18 pare alpreta, hiru txapel karlista eta kasket bat), marmola (bi eskultura zaharberritzea, ondoren bilduma iraunkorrean ikusgai jartzeko) eta pintura (pintura-bilduma iraunkorra zaharberritzeko lanak amaitzea).

      Museoaren inaugurazioarena amaitu ondoren, eta bildumak kontserbatzeari buruzko jarduerei jarraipena emanez, museoko funts "erakusgai jarri gabeak" atontzen ari gara, Gordailuko Ondare Higigarriaren Zentrora eraman eta bertan integratzeko. Horretarako, kanpoko enpresa espezializatu baten lankidetzaz hori ere, funtsetan gas inerteen bidez intsektuak akabatzeko tratamendu integral bati ekin diogu (1.486 margolan eta eskultura, guztira) Arte Ederren bildumako. Prozesu hori 2012ko urtean amaituko da.

      Komunikazioa

      Museoa berreraikitzeak markatu du, hein handi batean, Komunikazio departamentuaren erritmoa urteko lehen hilabeteetan. Berrinaugurazioa prestatzeaz gainera ―martxoaren 28an izan zen―, museoaren web-orri berria jarri zen martxan, eta horretan jardun dugu gero ere.

      Museoa berreraikitzeak sortutako jakin-minak erakarri ditu komunikabideak ere, eta hortik etorri da museoa bertako, Espainiako eta nazioarteko komunikabide eta argitalpen asko eta era guztietakoetan agertzea: arkitektura- eta arte-argitalpenetan, orokorretan, egunkarietan, turismo-gidetan, eta abar.

      Komunikazio-departamentuaren lanaren beste parte handi bat aldikako erakusketa eta jarduerei zabalkundea ematea izan da; bereziki lan gogorra egin behar izan da instalazio berriek hartu zuten aldikako lehen erakusketaren inguruan, 6 mil millones de Otros, apirilaren 2an irekia jendearentzat.

      Bestalde, museoan programazio egonkorra hasi ondoren, beste ekimen batzuk jarri dira martxan, hala nola museoaren hileroko jarduerak biltzen dituen liburuxka bat argitaratzea. Informazio horri euskarri digitaletatik ere ematen zaio zabalkundea.

      Museoa hasia da agertzen sare sozialetan, eta 2011n martxan jarri du twitter kontua, @santelmomuseo, komunikazio-bide berriak irekitzeko ahaleginean; 2012an, jarraipena emango zaio.

      Lankidetzak

      2011n, San Telmo Museoa lankide-sare bat eratuz joan da zenbait arlotan eta zenbait helburuz. Hona hemen zerrenda:

      Administrazio Publikoa

      Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioa, Donostiako Udala, Tolosako Udala.

      Erakunde eta instiuzioak

      Fondation Good Planet, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskadiko Filmategia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Ahotsak, Eusko Ikaskuntza, Fundación Cristina Enea Fundazioa, Santuario de Loiola, Zinemaldia-Festival Internacional de Cine, Heineken Jazzaldia, Elhuyar Fundazioa, Gobernantza Institutua, Lenbur Fundazioa, Conexiones Improbables, Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Loiolako Santutegiko Biblioteca Ignaciana, Gipuzkoko Protokoloen Artxibo Historikoa (Oñati), Irargi.

      Museoak / Kultur etxeak

      Donostiako Museoen Sarea, Untzi Museoa, Aquariuma, Museum Cemento Rezola, Eureka! Zientzia Museoa, Oiasso Erromatar Museoa, Igartubeiti Museoa, Ondartxo, Zeraingo Kultur Parkea, Makina Erremintaren Museoa, Oteiza Museoa, Lenbur, Artium, Balenciaga Museoa, Euskal Museoa (Bilbo), Bilboko Arte Ederren Museoa, Musée Basque (Baiona), CCCB (Barcelona), Museo Egipcio (Bartzelona), Centro de Arte Santa Mónica (Bartzelona), Museo de la Inmigración (Bartzelona), Disseny Hub (Bartzelona), Museo del Prado (Madril), MUCYT- Museo Ciencia y Tecnología (Madril), Museo Escultura (Valladolid), Patio Herreriano (Valladolid), Museo Centro de Arte Reina Sofía (Madril), Fundación ICO (Madril), La Casa Encendida (Madril), Musée Quai de Branly (Paris), Musée d'Orsay (Paris), Petit Palais (Paris), Galería Altxerri, Galería Moisés Pérez de Albeniz (Iruña).

      Gizarte eta kultura elkarteak

      Parte Hartuz, Sartu, Prosalus, CongdEuskadi, Haurralde Fundazioa, ONCE, Gainditzen, Proyecto Hombre, Ropka Euskadi, Acnur, Hirukide, Ecologistas en Acción, Gurutze Gorria, Amnistía Internacional, Gizalde, Nagusilan, Emaús, ASG-GEE, SOS Arrazakeria, Atzegi, Polo Matia Fundazioa, Caritas, Agipad, Fundación Juan Ciudad, Arrats, Loiola Etxea, Plus 55, Bagera, Greenpeace Gipuzkoa, Kalapie, Donostiako Orfeoia, Gaztetxoen Elkartea, Kutxa.

      Enpresak eta ekonomia erakundeak

      ADEGI, Kutxa, La Caixa, Fagor, Grupo i68, Obe Hettich, Pakea (Klinika).

      Irakaskuntza eta unibertsitatea

      Eskolak, euskaltegiak, EHU-UPV, Deusto, Udako Ikastaroak-EHU, Red académica i2basque, TKNIKA, Unesco Katedra-EHU, Deustuko Unibertsitatea, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea.

      Turismoa

      Donostia Turismo, Basque Tour, Gipuzkoa Turismo, Oficinas de turismo Euskadi, Offices de tourisme Pays Basque, kongresu-agentziak, receptivos.

 

Erregistratu

Bazkidea zara baina oraindik pasahitzik ez daukazu? Erregistratu orain eta zure esku izango dituzu web eduki eta zerbitzuak: buletinak, sarreren zozketak ... Bi minutu besterik ez dira izango!

Bazkide egin

Donostia Kultura bazkide txartela eskatu. Txartelarekin deskontuak, abantailak, eskaintza esklusiboak eta askoz gehiago eskuratuko duzu. Zure eskaerak automatikoki erregistratzen zaitu gure webgunean.

Saioa hasi

Pasahitza ahaztu al duzu?