Helbidea:
Kale Nagusia, 1 bis Tfno. 943.48.19.70 Fax. 943.48.19.69. Email: antzoki_zaharra@donostia.org
Donostiako antzokirik zaharrena da. Joaquin Ramon de Echeveste arkitektoak eraiki zuen, Donostiako Udalaren aurrekontupean, eta 1843an inauguratu zuten. Eraikinaren kostua 337.434 errealekoa izan zen, eta jatorrizko egoeran iraun zuen 1900eko maiatzaren 29a arte, egun horretan ekin baitzitzaion eraberritzeari. 1933an beste berrikuntza bat egin zen, eta urte horretako abuztuaren 5ean inauguratu zuten.
Baina antzokiaren historia lehenagotik dator. 1828an Donostiak antzoki txiki bat zuen harresietako gotorleku baten gangan. Antzoki horrek hamabi palko nagusi zeuzkan, eta handiago bat erdian, Udalarentzat; horien gainean galeria, eta azpian barandak; gehienez hirurehun lagunentzako tokia zuen, eta agertokia oso zen mugatua.
1843. urtearen hasieran, Udalak antzoki hura ez zela oso segurua eta urrunegi zegoela jo, eta oinplano berriko eraikin bat egitea erabaki zuen, behar bezalako baldintzetan eta biztanleria gero eta handiagoaren premiak aseko zituena. Beste arrazoi bat zera zen, Donostian sortzen ari zen kezka hirira itsas bainuak hartzera etortzen hasita zeuden bisitariei errazbideak emateko.
1843ko azaroaren 18an Joaquin Ramon Echeveste udal arkitektoak antzoki berriaren planoak aurkeztu zituen, 153.911 errealeko kostuarekin. 1844ko urtarrilean Echevestek antzokiaren eraikuntzarako gidalerro nagusiak azaldu zituen. Handik urtebetera, 1845eko urtarrilean, lanak amaituta zeuden ia, apaingarriak bukatzea besterik ez zen falta. Juan Bautista Mignagoreni enkargatuta zeuden. Antzokiaren kostu osoa handituz joan zen, eta inguruko kaleek ere konponketa gehiago eskatzen zuten. Hortaz, Udalak hasierako aurrekontua handitzeko baimena eman zuen. Azkenik, 1846ko otsailean, Batzordeak formalki eman zion eraikina Udalari. Behin betiko kostu totala hasieran aipaturikoa zen, 337.434 erreal.
Eraberritzeko lan handienak 1882 eta 1883 urteetan egin ziren, Jose Goicoa udal arkitektoaren gidaritzapean. 1882ko maiatzaren 3an hasi ziren kanporako lau ate eta barruan beste bat egiteko lanak, bai eta balkoi irten eta jarrai bat ere fatxada nagusian. 1883ko urtarrilean onartu ziren barrualdeko eraberritze-lan nagusiak. Atondoa, eskailerak, galeriak eta Paradisua hartzen zituzten, eta eserleku gehiago izatea zen helburua. Zuraren ordez harri-hormak ezarri ziren, segurantza handiagoa izateko, eta agertokiari sakonera handiagoa eman zitzaion. Apaindurei zegokienez, oso garrantzitsuak izaki antzoki batean, zeharo eraberritu ziren, eta ispiluak jarri ziren palkoen atzealdeetan, esparru haiei itxura zabalagoa emateko.
Hurrengo urteetan beste eraberriketa batzuk egin ziren. Esate baterako, 1903an norabidez aldatu ziren eskailerak, jendeari sarbide zuzena emateko atseden-aretora; gela gehiago egin ziren aktoreentzat; kristalezko markesina bat jarri zen sarrera nagusian, eta galeria eta anfiteatroa zabaldu eta aldatu egin ziren, beti ere Jose Goicoaren zuzendaritzapean dena. 1910ean udal arkitekto berriak, Juan Ramon Aldayk, teilatuan egin zituen eraberritze-lanak, eta zementu armatuzko galeria eraiki zen, aurrez zeuden bi gaileriak batuz. 1917an beste berrikuntza batzuk egin ziren: eserlekuentzako aretoa eta agertokia hormigoizko hormatxo baten bitartez bereiztea, galeriako eskaileren eta palkoen ordez beste berri batzuk jartzea, eta agertokiari garaiera handiagoa ematea.
Hala eta guztiz ere, 1926an ezin izan zen alokatu Antzokia, hain zegoen egoera kaxkarrean. Garai hartan eskaera asko egin zituzten Parte Zaharreko herritar eta jabeek Antzokia zaharberritzeko eta berriro ustiatzeko. Azkenik, 1930ean behin betiko erabakia hartu zen: Echevestek proiektaturiko Antzokia bota eta berria eraikiko zen, izen berberekoa eta leku hartantxe. 1931n desagertu zen Joaquin Ramon Echeveste arkitektoaren lanik nabarmenena, eta haren ordez eraikin eklektikoa sortu zen, kutsu klasizista argikoa. Neurri berdintsukoa, sarrera nagusiko atearen alboetan bi zutabe joniar ditu oinarrien gainean. Solairu nagusian balkoi jarraia du, hiru baorekin, eta erdikoak leihozango urre-koloreak ditu, eta gainean frontoia. Atikoak hiriko harmarria du erdian, eta alboetan hiru balkoi txiki. Balkoien artean, zutabe joniar sabelduak, eta aldamenetan pilastrak.
Antzoki Zahar berria, Aldayren lana, 1931n eraiki zen, eta 269.409 pezetako kostua izan zuen.
Ekintza nagusiak Antzerkia eta Zartzuela izan ziren. Aipatzekoa da antzerki-denboraldi haiek ez zirela mugatzen, oraingoak bezala, emanaldi-sail batzuetara; konpainiak hiru, lau eta bost hilabeterako etortzen ziren hirira, eta artisten seme-alabak bertako ikastetxeetan matrikulatzen ziren batzuetan. Andre- edo senargaiak izaten zituzten bertan, eta inoiz ezkontzak ere izan ziren.
Antzoki Zaharra Donostiako historiaren zenbait pasadizoren gertaleku izan zen. Areto horretan irakurri zuen Eustasio Amilibia alkateak Mandasko dukeak bidalitako telegrama, 1863ko maiatzean, harresiak eraisteko baimena iragarriz. Handik urte batzuetara, 1876ko urtarrilaren 20an, karlistek hiria inguratuta zeukatela, granada bat jaurti zuten inguruko mendi batetik (Arratsain), eta antzokian sartu eta hankak hautsi zizkion bertako kontserje zen Indalezio Bizkarrondo "Bilintx" poetari. Urte horretako uztailaren 21ean hil zen, zaurien ondorioz. Beste gertaera trajiko batzuk ere izan ziren, hala nola emakume baten hilketa maskara-dantzaldi batean.
Antzoki honetatik era guztietako konpainiak pasatu dira. Esan daiteke Antzoki Zaharra saski-naskien biltoki izan dela. Lehen mitin sozialistetatik hasi, Maiatzaren Lehenean, eta Inauteri Dantzaldietaraino, tartean hainbat dantzaldi onegintzazko, variété eta abar direla. Denetarik pasatu da Antzoki Zaharreko agertokitik, baita arte dramatiko eta lirikoaren onena ere, jakina, opera-konpainia bikainak eta lehen aktoreen emanaldi ederrak.
1955eko otsailaren 16an Antzoki Zaharrean zine-gertaera handi bat izan zen: zinemaskopea aurkeztu zen Donostian.
Enpresa pribatuei zenbait esleipen egin ondoren, eta zenbait eraberritzeren ondoren, 1986ko azaroaren 2an Antzokiaren ustiaketa Udalaren esku geratu zen. Berritze-lanak Manuel Santo Domingo udal arkitektoaren zuzendaritzapean egin ziren, eta agertokia handitu, besaulki-patioa txikiagotu eta dekorazioa aldatu zen. Horixe izan da aretoan egindako azken eraberritzea.
1987ko ekainaren 13an, berrinauguratu egin zuen Ramon Labaien jarduneango alkateak, eta Antzerki eta Jaialdien Udal Patronatuaren barruan sartu zen. Gaur egun Antzokia Donostia Kulturak administratzen du, eta antzerki-programazio egonkorraren egoitza da, bai eta Patronatuaren zine-jarduerena ere. Aipagarrienak, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, urtero genero horren milaka zale biltzen dituena, eta Nosferatu programazioa, mundu osoko zinegintzako autore, genero edo gai jakingarriei buruzko zikloekin.
Donostia Kultura 2009 ©copyright | Lege oharra· Datuen babesa
Konstituzio plaza, 1. 20003 Donostia-San Sebastián. 943 481150. donostiakultura@donostia.org