Donostia Kultura

Donostia Kultura

Nortzuk garen

AURKEZPENA

DONOSTIA KULTURA Enpresa Erakunde Publikoak Donostiako herritarrei kultur jarduera eta zerbitzuak eskaintzea du xede nagusi. Horretarako, udal jabetzakoak diren hainbat kultur eraikin eta ekipamenduko kudeaketaren ardura du.

DONOSTIA KULTURA 1990ean sortu zen Donostiako Udaleko Erakunde Autonomo moduan (Kultur Udal Patronatua). Erakunde horrek bildu zituen kultur zerbitzu guztiak, ordura arte, hiru patronaturen artean baitzeuden banatuak, alegia, San Telmo, Motako Gaztelua eta Urgull Mendikoa bata, Liburutegi eta Kultur Etxeetakoa bestea eta Antzerki eta Jaialdietakoa hirugarrena. 2007an Enpresa Erakunde Publiko bihurtu da.

Hona hemen, labur-labur, eskaintzen dituen zerbitzu eta jarduerak:

Antzerkia eta dantzaArte Eszenikoen unitateak antzerkia eta dantza ikuskizunen programazio zabala eskaintzen du. Horretarako, lau espazio eszeniko kudeatzen ditu (Victoria Eugenia Antzokia, Principal Antzokia, Gazteszena Aretoa eta Imanol Larzabal aretoa) eta, noizean behin, beste espazio batzuk ere erabiltzen ditu. Unitate honek zuzentzen du, halaber, Donostiako Antzerki Jaialdia.

MusikaJazzaldia kudeatzeaz gain, unitate hau hiriko musika garaikideaz arduratzen da, Victoria Eugenia, Gazteszena eta Donostia Kulturako gainontzerako ekipamenduetako programazioaz ere arduratzen da. Kursaal Fundazioaren bitartez, berriz, auditorioan ere programatzen du. Azkenik, kontzertu erraldoiak edota hirian dauden musika ekitaldi handiak ere antolatzen ditu.

Zinema eta bideoa. Unitate honek DONOSTIA KULTURAko eduki zinematografikoak programatzen ditu. Gainera, bestelako erakundeekin lankidetzan, hainbat zinema-ziklo eta jaialdi antolatzen ditu. Eskaintzen duen programazioaren barnean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Nosferatu Zikloa, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema, bai eta berriagoak diren Zinea eta Giza Eskubideen Jaialdia eta Surfilm Festibal delakoa ere.

Jaiak. Unitate honek hainbat jarduera antolatzen ditu kultura, arte, kirol eta aisia alorretan, batez ere kale eta plazetan egiten direnak. Gure hiriko jai ofizialak nabrmentzen dira (Aste Nagusia, danborradak, Euskal jaiak, Kontxako Bandera eta abar.). Baina baita auzo eta etxe erregionaletako jaiak eta kaleko beste ospakizun batzuk ere. Orobat, Donostiarekin kidetutako hiriekin eta “Urrezko Danborra” sariarekin zerikusia duten jarduera guztiak kudeatzen ditu.

Kultur Ekintza Zerbitzua. Bederatzi kultur zentro ditu hirian barreiatuak eta, horien bitartez, kultur zerbitzu deszentralizatua eskaintzen du. Zentro horietako batzuk diziplina zehatz batean daude espezializatuak. Zerbitzu honek hiriko bestelako erakundeekin ere lan egiten du, hainbat jarduera antolatzeko.

Liburutegi Zerbitzua. Biblioteka-sarea osatzen duten hamaika biblioteken bitartez, informazio-, kontsulta-, mailegutza- nahiz Internet-zerbitzua eskaintzen du, nola haurrentzat nola helduentzat. Zerbitzu horiez gain, irakurketa sustatzeko hainbat jarduera antolatzen dira.

San Telmo Museoa.XVI. mendean eraikitako komentu zaharrean kokatua, inbentariatutako 15.000 objektu baino gehiago dituzte euren Arkeologia, Arte Eder, Etnografia eta Historiako bildumetan. Ondarea mantendu, zaharberritu, inbentariatu, aztertu eta zabaltzeaz gain, behin-behineko erakusketak antolatzen ditu aldiro. Museoa zaharberritze- eta zabaltze-prozesuan dago une hauetan.

DONOSTIA KULTURAk 170 langile baino gehiago ditu. Jarduera eta zerbitzu guztiak ongi garatzeko, honako hiru unitate zentral hauek ditu: Zerbitzu Orokorrak, Erakundeko administrazio-gaietaz arduratzeko, Komunikazio eta Irudi Unitatea, programazioa eta DONOSTIA KULTURAren irudia zabaltzeko, bazkideak kudeatzeko eta abar. Ekoizpena, azkenik, programazio osoari euskarri tekniko, logistiko eta antolaketari dagokionaz arduratzen da.

Donostia Kultura 2008 ©copyright | Lege oharra · Datuen babesa

Konstituzio plaza, 1. 20003 Donostia-San Sebastián. 943 481150. donostiakultura@donostia.org