Archivo » 2011 » enero

Festak: 2011ko haur danborrada eta honen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak aurkeztu dira

Haur danborrada

Odón Elorza alkateak, Denis Itxaso Kultura eta Gazteria zinegotziak eta Carlos Ruiz Kutxako Gizarte eta Komunikazio gaietarako zuzendariak aurkeztu dute gaur goizean Donostiako Udaletxean aurtengo haur danborrada eta honen 50. urteurrena ospatzeko prestatutako ekitaldiak.

Donostiako Udalak guztion bihotzera heltzen den oroitzapena ospatu nahi du: hiriko patroiaren festan donostiar asko parte hartzen hasi ginen haur danborradaren 50. urteurrena. Ekitaldi guztien artean, Donostia Kulturak, Kutxaren laguntzarekin, argitaratutako oroitzapenezko liburu bat nabarmendu behar dugu. Bertan, Haur Danborradak azken 50 urteetan egindako ibilbidea biltzen da oso modu grafikoan.

.

Urteurrena dela-eta, helduen danborradetako 32 ordezkarik haur danborradako konpainiekin batera San Sebastian Martxa joko dute urtarrilaren 20an, eguerdiko 12:00etan Alderdi Ederren.

Aurten Haur Danborradako Ohorezko Karguak (Easo Ederra eta Damak, Jenerala, Laguntzailea eta zaldizainak) La Asuncion Ikastetxeko haurrek beteko dituzte. Danbor Nagusiaren kargua El Carmelo Ikastetxeari egokitu zaio.

Hilaren 20ko desfilean parte hartuko duten konpainia guztietako ordezkariekin, eta bezperan eta hilaren 20an bertan auzoetan irtengo diren haur-danborradetako ordezkariekin batera, lehen aipatutako guztiek 2011ko Haur Danborradaren aurkezpen-festan hartuko dute parte. Festa José Antonio Gasca kiroldegian egingo da urtarrilaren 18an eguerdiko 12:00etan.

50. urteurrenaren oroigarri gisa domina eta gorbata: gaur egungo egiturarekin atera zen lehen Haur Danborradaren 50. urteurrena betetzen denez, 2011ko Haur Danborradan parte hartuko duen haur bakoitzari banatuko zaion dominak aurrealdean danbor baten irudia eta “50 urte-años” “1961 – 2011″ idatzita izango ditu. Atzealdean, berriz, 2016ko Europako HIriburua izateko Hautagaitzaren logotipoa izango du.

Urtarrilaren 20ko desfilean parte hartuko duten konpainiei “gorbata” bana emango diete. Gorbatak “Donostiako Haur Danborrada-Tamborrada Infantil de San Sebastián 1961-2011” idatzita izango du eta konpainia bakoitzak bere estandartean ipini ahal izango du.

Trivial 50 urte Haur Danborrada Donostia Kulturaren webgunean: gure haurren artean (12 urte arte) Haur Danborradaz gehien dakiena nor den ezagutu nahi dugu. Horretarako, Donostia Kulturaren webgunean egongo den 15 galderaz osatutako joko bat prestatu dugu nahi duen edonork jolasteko.

15 galderak amaitu ondoren formulario bat aurkituko dugu. Bertan parte-hartzaileari bere izena eta helbide elektronikoa idazteko eskatuko zaio. Datu horiek bete ondoren, zenbat galdera zuzen erantzun dituen adieraziko zaio.

Jokoaren hasieran puntuaketa-sailkapena agertuko da, erantzuteko eman duten denbora eta erantzun zuzenen kopurua kontuan hartuta. Sailkapena on-line kontsultatu ahal izango da.

Urtarrilaren 17ko goizeko 10:00etan, astelehena, puntu gehien dituen haurrak gonbidapena jasoko du urtarrilaren 18an José Antonio Gasca kiroldegian egingo den Haur Danborradaren Aurkezpen Festan parte hartzeko. Halaber, lortu dituen puntuak egiaztatzen dituen diploma, 2011ko Haur Danborradaren oroigarri den domina, eta Cállate la Boca edo Igel Berdea etxeen danborrari-kita jasoko ditu.

Berdinketa gertatuz gero, puntu gehien lortu dituzten haurrean artean zozketa egingo da, festan hiru haurrek parte hartu ahal izango baitute, gehienez.

Informazio gehiago dituzue donostiakultura.com webgunearen dossierren atalean.

1 comentario

  1. [...] den ostiralean aurkeztu zen Donostiako Udaletxean aurtengo haur danborrada eta honen 50. urteurrena ospatzeko prestatutako ekitaldiak. Gaur eguerdian, berriz, San Sebastian eguneko haur danborraden azken [...]

Deja un comentario

Al enviar un comentario usted otorga una licencia perpetua de reproducir sus palabras, su nombre y su sitio web. Los comentarios inapropiados serán eliminados por el administrador.