Archivo » 2010 » septiembre
“Monsters” eta “El último exorcismo” emango dira Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean
lunes 13 de septiembre de 2010 por donostiakultura en Albisteak
Beldurrezko zineman aurten ikusmin handiena sortu duten filmetariko bi emango dira, Ingalaterrako Monsters (2010), Gareth Edwards-ena, eta Estatu Batuetako El último exorcismo (The Last Exorcism, 2010), Daniel Stamm-ena, urriaren 30etik azaroaren 5era bitartean izango den Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXI. Astean.
Foro eta webgune guztiak mintzo dira Monsters filmari buruz eta hainbatek azken urteetako munstro-film hoberentzat ere jotzen du. Azken exorzismoa, bestetik, Eli Roth-ek ekoiztua –Cabin Fever (2002) eta Hostel (2005) filmen zuzendariak–, dokumental itxuran atondu da Cotton Marcus agurgarriak egingo duen azken exorzismoaren istorioa azaltzeko.
Horiekin batera eta, urtero legez, genero honetan aurten egin diren filmik garrantzitsuenak izango ditugu: ekialdeko Dream Home (2010) harrigarriaren modukoak, Australiako The Clinic (2009), Amerikako Tucker & Dale vs. Evil (2010) dibertigarria eta urteko zinema europar nabarienaren lagin batzuk, hala nola, Alemaniako Die Tür (2009), Belgikako Vampires (2009) edota A Serbian Film (Serbia, 2009) basatia, zalantzarik gabe, inor epel utziko ez duen urteko filmik polemikoena.
Ondoren, ezagutzera ematen ditugu aurten ASTEAREN ATAL OFIZIALEAN parte hartuko duten eta, beraz, 6.000 euroz hornituriko Film Luze Onenarentzako Ikusleen Saria lortzeko lehiatuko diren film batzuen berri.
ASTEAREN FILM LUZEEN ATAL OFIZIALAREN AURRERAPENA
The Clinic (Australia, 2009). James Rabbits
(ESTATUAN ESTREINAKOA)
Gazte bikote bat paraje mortu batean zehar doa bidaian. Neska haurdun da. Atseden hartzeko motel batean gelditu eta gero, klinika arraro eta abandonatu batean iratzarri da. Eta izateko duen umetxoa kendu diote. Aurrekontu murritzeko film harrigarria; errealizadorearen opera prima izanik ere, ikuslea biziraupeneko istorio itogarri batean murgiltzen duena: umeak atzeman dizkieten emakume-talde bat haurrak aurkitzeko eta bizirik irauteko borrokatzen da. Zertaraino irits daiteke ama bat semea/alaba berreskuratzeko?
Death Kappa (Japonia, 2010). Tomoo Haraguchi
(ESTATUAN ESTREINAKOA)
Tomoo Haraguchi efektu berezien maisu japoniarraren film berria. Astean orain baino lehen ibilia, zuzendari lanetan egindako aurreko bere bi film luzeak Donostian aurkeztu zituen –Sakuya: Slayer of Demons / Sakuya: Yokaiden (2000) eta Werewolf Warrior / Bakko yokaiden. Kibakichi (2003)– eta 2008an erakusketa bat egin zen makillatzaile eta FXeko diseinatzaile arloetan egin duen lanari buruzkoa. Dibertigarria, aurreiritzirik gabea eta nahiko zoroa, karaoke-bideoak (munstro mitologikoak protagonista dituztela) eta Godzillaren omenaldiak txandakatzen ditu. Japoniako zine psikotropikoak, urtero bezala, bere tartea du Astean.
Dream Home / Wai dor lei ah yut ho (Hong Kong, 2010). Pang Ho-cheung
Beldurrezko eta odol askoko filma, etxebizitzaren inguruko gaur egungo arazoari buruzkoa, Txinan lekutua, baina, munduko edozein bazterretan gerta litekeena. Neska hongkongdar batek etxea erosi nahi du, burujabe bizitzeko. Bere bidea egiten hasteko eta apartamentu bat erosteko garaia dela pentsatzen du, baina, laster konturatuko da ez dela batere erraza, prezioak ordaindu ezinak baitira. Hala ere, ez dago edonola amore emateko prest. Etxebizitza eskuratu eta bere ametsa betetzeko behar den guztia egingo du; behar den GUZTIA. Genero-film harrigarria, uneko errealitateari estu lotua eta gazte-jendeari ideiak eman diezaiokeena, jakin dezaten nola erosi pisu bat… Donostian, adibidez? Pang Ho-cheung da zuzendaria eta 2007an Donostiako Zinemaldian lehiatu zen Exodus / Ceot oi kap gei filmarekin.
Monsters (Erresuma Batua, 2010). Gareth Edwards
Duela sei urte, NASAk lurretik kanpo bizi-arrastoak aurkitu eta biltzeko asmoz bidalitako ontzia Erdialdeko Amerikan erori zen, itzuleran. Eta bizi-forma berriak ekarri zituen. Mexiko erdia “eremu kutsatu”tzat jo zuten. Ipar Amerikako kazetari batek eta emakume turista batek eremu hori zeharkatu behar dute Gareth Edwards ia hasiberriak zuzendutako film honetan. Kritikak txalotu egin du –“urtetan ikusi dudan munstro erraldoien filmik onena”, Ain’t It Cool News webgune prestigiotsuan diotenez–. Datozen hilabeteetan maizenik hizpide izango diren filmetariko bat, zalantzarik gabe.
A Serbian Film / Srpski Film (Serbia, 2009). Srdjan Spasojević
Urteko filmetan neurrigabekoenen artekoa. 2010ean ustekabekoa eman duten horietakoa da eta eskandalua, lilura eta eztabaida ugari sorrarazi du eman duten genero-zinemaldi guztietan. Lanbidea utzita zegoela, film berri bat egiteko kontratatzen duten Serbiako porno aktorerik ospetsuenaren istorioa da. Oso ondo ordaindutako lan horrek biziaraziko dion inoizko bere amesgaiztorik okerrenaren ondorioz, bizitza infernu bilakatzen zaio eta infernu horretan gero eta sakonago sartzen joango da, ilunpearen erdiguneko bihotzeraino iritsi arte. Beldur-zaletasunaren denboraldiko panorama irauli duen filma; denok, ikusi ez badute ere, hitzetik hortzera darabiltena. Srdjan Spasojević-en opera prima.
Tucker & Dale vs. Evil (Estatu Batuak-Kanada, 2010). Eli Craig
Gazte talde bat basoan barneratzeko prestatzen ari da. Virginiako bi laborarik denda batean topatzen dituzte, txangoa hasi aurretik. Beharbada, ezagun gertatzen da. Hala ere, Eli Craig-ek eta gidoilari kide duen Morgan Jurgenson-ek lortzen dute, batzuetan zaila ematen badu ere, horrenbestetan ikusitako gertakizunaren planteamenduari buelta osoa ematea eta film dibertigarria prestatu dute, originala, freskagarria… Agian, “basoan bertako hiltzaileek harrapatutako gazteen” azpigeneroa behin betiko agortuko duen filma. Denboraldiko bitxia, dudarik gabe, eta barre-algarak eragiten aurreko postuetan ibiliko den emanaldia.
Die Tür / The Door (Alemania, 2009). Anno Saul
Pintore bat –Mads Mikkelsen daniar aktore ezagunak interpretaturik, zeina bere herrialdean Anaiak (2004) edo Ezkontza eta gero (2006) bezalako filmen protagonista izana den eta nazioarteko zineman bere lehen urratsak emanak dituen, Bond saga berriko Casino Royale (2006) lehen filmean ”gaiztoa”rena eginez– pintore hura, diogu, duela urte batzuk bere alaba txikienaren heriotzagatiko erantzukizunak lur jota dago, inolako itxaropenik gabe… eta halako batean konturatzen da atzera egin dezakeela, ezbeharraren unera arte, eta gertakarien ildoa alde dezakeela. Ezaba al daiteke erabat iragana? Horren erraza al da zoriaren bidea aldatzea? Fantasiazko zinemaren eta thrillerraren arteko nahaste harrigarria, Kebab Connection (2004) filmaren arduradunak zuzendua.
El último exorcismo (The Last Exorcism; Estatu Batuak-Frantzia, 2010). Daniel Stamm
Estatu Batuetako salmenta-leihatiletan lehena izan da Eli Roth-ek zuzendutako film hau. Coton Marcus agurgarriak filmazio-talde bat gonbidatzen du, exorzista lanetan emango dituen bere azken egunetako lana dokumentaturik gera dadin. Baina, bere fedeak laster pasa beharko proba latza kameren aurrean, deabruak hartutako neskato batek –bere azken kasuak– deabruari berari indar betean aurre egin behar dionean.
Vampires (Belgika, 2009). Vincent Lanoo
“Ez dute beldurrik ematen. Ez dira sexyak. Ez daude modan… belgikarrak dituzue”. Banpiroak berriz ere plazaratu diren honetan, agian berengana serioski eta benetan hurbiltzeko unea dugu: nola bizi diren Brusela bezalako hiri handi batean, zer amets eta itxaropen dituzten, beren beldurrak, elikatzeko ohiturak, lanak… Nola bizi da banpiro bat XXI. Mendean? Lan dokumental zorrotz honek errespetu handiz jotzen du Bruselan bizi den banpiro-familia batengana, beren ohiturak zertxobait hobeto ezagutzeko. Vincent Lannoo-k zuzendu du, Ordinary Man (2005) filmaren egileak; urte horretako Astean Carlo Ferrante eta Vera Van Dooren protagonistek aurkeztu zuten filma, eta honetan ere beraiek dira aurkezle.
Prentsa-oharra eta argazkiak donostiakultura.com webgunearen dossierren atalean duzue.


