Archivo » 2010 » junio

Donostia 2016k kultur proiektuaren aurrerapena aurkeztu du

Donostia 2016

Donostiak 2016an Europako Kultura Hiriburua izateko Hautagaitza aurkeztuko du, eta horretarako, Europako hirien arteko bizikidetzarako ezinbesteko tresna gisa kultura eta herritarren energia oinarri dituen kultura-proiektua aurkeztuko du.

Donostia 2016 kultura-proiektua laborategi sortzaileetan garatutako prozesu parte-hartzaile sakon baten emaitza da eta Hautagaitzaren Bulegoak zuzendu du. Ofizialki datorren uztailaren 9an eskura emango zaio Kultura Ministerioari Madrilen. Irailaren amaieran proiektua ahoz defendatuko da (30 minutuko aurkezpena eta 30 minutuko galdera-tartea) eta lehen fasea zein hirik pasatuko duten ezagutuko da.

Hautagaitzak adierazten duen erronka kolektibo hau eta aukera paregabe hau aprobetxatu behar dugu, gure berreraikitze moral eta kulturala bultzatzeko. Halaber, Europaren aurrean gure hiria ia etengabe terrorismoarekin eta indarkeriarekin identifikatzen duten irudietatik urrun dauden herritar eta herrialde gisa aurkeztu ahal izateko.

Oztopoak oztopo, Donostiak bakearen eta Giza Eskubideen kulturaren alde egin du beti, kultura hezitzailea bizikidetzarako beharrezko tresna gisa defendatuz. Bizikidetzarako eredu hori Hautagaitzaren kultura-proiektuaren bidez sendotuko dugu eta Europa osoari begira erreferentziazkoa izango da.

Hiriak, nola Gipuzkoako lurraldeak eta Euskadik, 2016an Europako Kultura Hiriburua izateko erronka ospatzeko aukera dute orain. Eta ez soilik Giza Eskubideekiko herritarren konpromisoaren sari gisa, hiria berritzeko prozesu iraunkor honetan sakontzen jarraitzeko oinarri gisa balioko duen bultzada berri gisa baizik.

Konfiantza nahikoa eta uste osoa dugu, eta guztiontzat Europako Kultura Hiriburua eraikitzeko erantzukizuna dugu. Orain egin beharra dugu, denbora ez baita alferrik pasatzen eta Europaren aitorpenak behar dugun bultzada eman baitiezaguke.

Kulturak eta hezkuntzak gatazkak humanizatzen laguntzen dute, eta bazterketa, basakeria eta indarkeria ororen aurkako errebeldia hiritarraren adierazpen onena dira. Donostia 2016 Hautagaitzak desberdinen arteko bizikidetza eta lankidetzaren aldeko apustu garbia egiten du, bake positiboa, zabala eta partekatua lortzeko bidea errazte aldera.

Adiskidetzea –adostasun hiritar gisa ulertuta– eta desberdinen arteko bizikidetza lortzeko kode sozial berriak sustatu nahi ditugu, modu horretan, Europan eta munduan giza eskubideetan aurrera egiteko eta horiek garatzeko lagungarriak izan daitezen.

Europatik hurbilago

Halaber, Donostia 2016 Hautagaitzaren proiektuak Europan dugun garrantzia indartu eta euskal Eurohiri kulturala garatzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu. Europako gainerako herriekin erronkak eta aukerak partekatu nahi ditugu, eta halaber, herritarren mugimenduen aukerei babesa eman nahi diegu, Europako sareekin esperientziak trukatuz eta elkarrekin lan eginez.

Parte-hartzeari, sormenari (berrikuntzaren eta gizartearen aldaketaren faktore gisa) eta kultura-bizitzari (hiriaren eta euskal lurralde osoaren suspertzaile gisa) esker, gure ekintza-planari Europan gizarte, politika, ekonomia eta kultura baloreak berreskuratzeko itxaropena gehitzen zaio.

Europako Kultura Hiriburua izan nahi dugu, kultura-politikaren inguruan berriz hausnartzeko; baina ez soilik hiriaren kasuan, baita Gipuzkoako eta Euskadiko lurralde osoaren kasuan ere.

Donostia 2016 hautagaitzak kultura- eta gizarte-proiektu estrategiko jasangarriak, sortzaileak eta bereizgarriak bultzatuko ditu. Horiei esker, bizikidetza eta eraldaketaren bultzatzaile gisa kultura eta hezkuntzaren aldeko apustua egiten duten hiri europarren sarean kokatuko dira bai Donostia eta baita Hautagaitzaren lurraldea ere.

Hiru aditz nagusi eta zazpi itsasargi

Pertsonek Hautagaitza donostiarraren alde egindako apustu garbitik eta horrek mundua modu sortzailean eraldatzeko borondatetik abiatuta, Donostia 2016 proiektua hiru aditz nagusiren inguruan antolatzen da. Oinarrizko hiru ardatz dira eta kontakizun komun batean konbinatzen dira:

ELKARREKIN BIZI

Bakearen Kulturan eta Baloreen Hezkuntzan

HITZ EGIN

Hitzen, Hizkuntzen eta Lengoaien Hirian

BAT EGIN

Euskal Eurohiri Kulturalean

Hiru esaldi horiek gure hautagaitzaren gai nagusiei heltzeko aukera ematen dute:

  • Europako hirietan bizikidetzarako kultura aktibatzea, indarkeria adierazpenak amaitzen eta gatazken balio potentziala bideratzen lagunduko duena
  • norbanakoaren eta kolektiboaren eguneroko bizitza berritzen laguntzea, bizi-kalitatea eta pertsona hobeak izan gaitezen giza garapen osoa bermatuz
  • kode irekiaren ikuspuntutik, Europa osoko hizkuntza, lengoaia eta kultura-adierazpen guztiak bateratzea ahalbidetzea; eta paisaiaren (bio)dibertsitatearekin eta lurraldearen konplexutasuna eta hartzen gaituen Eurohiriarekin modu jasangarrian eta arduratsuan egitea

Hiru ardatz nagusi hauekin, gure kultura-proiektuak argitzen dituzten zazpi ITSASARGI handitan banatzen da gure kontakizuna.

Hautagaitzaren lurralde den Euskal Kostaldearen itsasargiak dira eta horietako bakoitzak Donostia 2016 proiektuak barne hartzen dituen gai desberdinak adierazten ditu.

  • Biarritzeko itsasargia, Biodibertsitatearen itsasargia
  • Sokoako itsasargia, Hizkuntzen eta Lengoaien itsasargia
  • Higerko itsasargia (Hondarribia), Mugaz Haraindiko Eurohiriaren itsasargia
  • Platako itsasargia (Pasaia), Ezagutza Partekatuaren itsasargia
  • Santa Clara Irlako itsasargia, Bizikidetzaren itsasargia
  • Igeldoko itsasargia, Bizitza Solidario eta Osasuntsuaren itsasargia
  • Zumaiako itsasargia, Naturaren eta Hirigintzaren itsasargia

Deja un comentario

Al enviar un comentario usted otorga una licencia perpetua de reproducir sus palabras, su nombre y su sitio web. Los comentarios inapropiados serán eliminados por el administrador.