Archivo » 2010 » mayo

22.211 ikusle Giza Eskubideen VIII. Zinemaldian

% 19 gehitu dira iazkoaren aldean

Udalaren Giza Eskubideen Arloak eta Donostia Kulturak antolatutako Donostiako Giza Eskubideen VIII. Zinemaldia ostiralean, apirilak 30, amaitu zen Victoria Eugenia Antzokian. Sariketa apirilaren 23tik 30era egin da Victoria Eugenia Antzokian (sariketaren egoitza nagusia) eta hiriko askotariko eszenategietan.

Ikusleak

22.211 ikusle bertaratu dira aurten Zinemaldira (2009ko 18.616 ikusleen aldean).

Horietatik, 8.415 ikusle joan dira zinema-saioetara (iaz, berriz, 6.804): 6.359 Victoria Eugenia Antzokiko saioetara joan dira; 1.836 eskola-ume Antzoki Zaharreko goizeko emanaldietara eta 220, ordea, Okendo Kultur Etxeko emanaldietara.

13.566 pertsonak ikusi dituzte 8 erakusketak –Hilotzak hobitik ateratzen, duintasunak berreskuratzen, Gipuzkoa 1936-1950: Kronika beltzean (eta zurian), Erlijioen mendea, Nigeria: Lur kutsatua, lurra sutan, Egun bat edo bi (Deborah Metsch), Prestes Maia 911 eraikineko leiho batetik (Julio Bittencourt), Bakearen eta giza eskubideen aldeko ipuinak eta margolanak, Vindicación feminista– joan den ostiralera arte; 150 pertsona joan ziren Zinemaldiari amaiera eman zion Soul Supreme kontzertura; eta 80 pertsona Okendo Kultur Etxean izandako Memoria historikoa berreskuratzen hitzaldia.

Filmak

Goran Paskaljevicen Honeymoons filmak (Serbia-Albania, 2009) inauguratu zuen Zinemaldia Victoria Eugenia Antzokian apirilaren 23an. Ekitaldi horretan, serbiar zinemagileari Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria eman zitzaion bere ibilbidearengatik. Amaiera-ekitaldia ostiralean, apirilak 30, egin zen eszenategi berdinean Bill Guttentag eta Dan Sturmanen Soundtrack for A Revolution emanaldiaren bidez (Estatu Batuak, 2009).

Zinemaldiak iraun duen astean zehar 43 film proiektatu dira, 27 film luze eta 16 film labur, 21 herrialde desberdinetakoak. 16 film luze izan dira Sail Ofizialean (4 Afrikari buruzkoak, 4 Latinoamerikari buruzkoa eta 3 “Terrorismoa eta bere biktimak” ziklokoa) eta 2 saio berezi eskaini dira –Oasis (Lee Chang-dong; Hego Korea, 2002). Hiru film luze programatu dira haur eta gazte diren ikasleentzako goizeko saioetan: Mi vecino Totoro (Japonia, 1988), Hayao Miyazakirena, Simplemente (2009), John Anduezarena, eta Txori urdin (Holanda, 2004), Mijke de Jongarena.

Palmaresa

Publikoaren Saria Film Luze Onenari, Adam Ellioten Mary and Max (Australia, 2009) filmak jaso du.

Donostiako Giza Eskubideen VIII. Zinemaldiko Gazteriaren Saria Film Labur Onenari (130 gaztek osatu dute epaimahaia) Angry Man / Sinna mann (Norvegia, 2009) filmari eman zaio, Anita Killik zuzendu.

Amnesty International Saria lehenengo aldiz izan da esleitua, eta Amnestyko kideek zein ikus-entzunezkoen profesionalek osatutako epaimahai batek Jordi Ferrer eta Pablo Vidalen El problema. Testimonio del pueblo saharaui (2010) filmari esleitu dio saria.

B ALDEA

B ALDEAren programazioan, hainbat jarduera egin dira: bi film luze proiektatu dira –Los caminos de la memoria (José Luis Peñafuerte, 2009) eta La pérdida (Enrique Gabriel eta Javier Angulo, 2009)– C. C. Okendo K. E.n, hitzaldi bat toki berean Paco Etxeberriaren eskutik (Recuperando la memoria histórica) eta bi erakusketa  –Hilotzak hobitik ateratzen, duintasunak berreskuratzen Okendon eta Egun bat edo bi (Deborah Metsch) C.C. Ernets Lluch K.E.n–.

Eztabaidak

Giza Eskubideen VIII. Zinemaldia Donostia, Bakearen Gunea proiektuaren baitako ekimena da. Hiritarren artean giza eskubideei buruzko sentiberatasuna, gogoeta, eztabaida eta informazioa areagotzea du xede; baliabide, aldiz, zinema dauka, bai eta bestelako adierazpide artistiko eta kulturalak ere, elkartasuna, biziari errespetua, bakea, askatasuna, justizia soziala eta halako balioak bultzatzearren.

Proiektatutako filmek giza eskubideei lotutako askotariko gaiei erreparatu diete. Esate baterako, emanaldien ondoren egindako mahai-inguru edo eztabaidetan hizpidea jarri dute gatazken konponbide elkarrizketatuak, emigrazioak, presoen eskubideek, herri saharar eta kurduaren arazoek, genozidioak, palestinar-israeldar gatazkak, Ciudad Juárezeko emakumeen asasinatzeek, Afrika eta Latin Amerikak, besteak beste.

Bertaratutako publikoaz gain, proiektatu diren film batzuen zuzendari batzuk egon dira eztabaidetan partaide, hala nola Juan Carlos Rulfo (Los que se quedan), Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga (80 egunean), Jordi Ferrer eta Pablo Vidal (El problema. Testimonio del pueblo saharaui), Pete Travis (Endgame), Philippe Van Leeuw (El día que Dios se fue de viaje), Shai Carmeli Pollak (Bil’in, My Love), Begoña Atín eta Maite Ibáñez (Mujeres en construcción), Javier Angulo eta Enrique Gabriel (La pérdida) eta José Luis Peñafuerte (Los caminos de la memoria).

Eztabaidetan, bestalde, jorratu diren eztabaidagai horietako espezialistak ere parte hartzen izan dira, hala nola: José Luis Herrero (OSCEren enbaxadorea Mazedonian; bake-gatazken ebazpenean aditua), Jordi Palou (nazioarteko abokatua), Fermin Muguruza (musikaria), Carmen Alcalde (Vindicación feminista aldizkariaren fundatzailea), Mertxe Agúndez (Eusko Legebiltzarreko kidea) edo Teresa del Valle (antropologoa).

Erakunde laguntzaileak

Giza Eskubideen Zinemaldiak Kanpo Gai eta Lankidetzarako Ministerioan integratutako Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren (AECIDen) babesa dauka, baita Europar Batzordeko Justizia, Askatasun eta Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiaren VICT 2008 programarena ere.

Gainera, Zinemaldi honek nazioarteko ospea daukaten giza eskubideen aldeko eta horien sustapenerako hainbat erakunderen laguntza dauka. Erakunde horiek ondorengoak dira. UNICEF, UNHCR/ACNUR, CEAR, Mexikoko Giza Eskubideen Akademia, Bake Hezitzaileen Nazioarteko Elkartea, Gipuzkoako Garapenerako GKEen Koordinakundea, Gehitu, Amnesty International, SOS Arrazakeria, Mexikoko UNAMeko Giza Eskubideen UNESCO Katedra eta Nantesko Espainiar Zinemaldia.

Zinemaldiak, gainera, EITB, FNAC, Euskararen Udal Patronatu, Herri Irrati, Radio San Sebastián (CADENA SER) eta Garberaren lankidetza dauka.

Deja un comentario

Al enviar un comentario usted otorga una licencia perpetua de reproducir sus palabras, su nombre y su sitio web. Los comentarios inapropiados serán eliminados por el administrador.