Archivo » 2010 » abril
Asteko agenda: apirilak 19-26
lunes 19 de abril de 2010 por donostiakultura en Albisteak

Aste honetako agenda ere bi jaialdik markatzen dute: alde batetik, Olatu Talka; bestetik, Giza Eskubideen VIII. Zinemaldia. Gainera, dantza (Raymonda), antzerkia (Kandido Uranga), literatura (Raul Zelik eta Liburuaren Nazioarteko Eguna), musika (Audience), besteak beste.
La agenda del 19 al 26 de abril. Este apunte en castellano.
Olatu Talka jaialdiaren egitaraua jardueraz gainezka dator. Seguru egongo dela zure gustuko ekitaldiren bat datorren asteburuan, apirilaren 23tik 25era. Izan ere, dozenaka jarduera antolatu baititu Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburu izan dadin lanean ari den hautagaitzaren bulegoak. Horretarako hiriko hainbat eragileren laguntza nahitaezkoa izan da, baita Kutxaren babesa ere..

Zinema gustuko baduzu, berriz, Giza Eskubideen VIII. Zinemaldia ospatuko da gure hirian apirilaren 23tik 30era. Jaialdiak egoitza nagusia du Victoria Eugenian, baina antzokitik kanpo ere ateratzen da. Aurretik, hilaren 21ean Nosferatu programazioaren barruan Dillinger (1973) filma ikusteko parada duzue Antzoki Zaharrean.
Dantzak hiru hitzordu ditu aste honetan: Classic programaren barruan Raymonda eskainiko du Brnoko Antzoki Nazionaleko Balletak Victoria Eugenian hilaren 20ean. Antzoki bereko Club aretoan Palabras para la danza duzue 21ean eta 22an. Azkenik, Egiako Gazteszenan El llac de les mosques eskainiko digu Sol Picók datorren larunbatean, apirilaren 24an.
Antzerkiaren eremuan, Erakusleihoan estreinatuko da Kandido Urangak Miranderen inguruan prestaturiko ikuskizuna. Zita Anoeta Estadioan egoitza duen Ernest Lluch Kultur Etxean da, 22an, arratsaldeko 19:30ean.
Literaturaren esparruan, aste honetan ospatuko da Liburuaren Nazioarteko Eguna. Horregatik apirilaren 23an egun osoan zehar jarduera ezberdinak izango dira Gipuzkoa plazan, ohiko salmenta postuez gain. Era berean, DK Literatura programaren barruan irakurleek Raul Zelik idazlearekin egoteko aukera izango dute apirilaren 22an Liburutegi Nagusian (San Jeronimo). Idazle alemaniarra gurean egongo da Lagun armatua liburuaz solasteko. Kontutan hartzekoa da ere Tomasene Kultur Etxean (Darieta bidea, Altza) egingo den mahai-ingurua: Y los libros también. Bertan egongo dira: Markel Bergara (Real Sociedad), Shandra Martin (2009ko Miss Gipuzkoa), Elena Arzak (sukaldaria) eta Unai Elorriaga (idazlea). Azkenik, apirilaren 26an Harkaitz Canok Liburutegi Nagusian euskaraz gidatzen duen solasaldian Oier Guillanen Eskuen sustraiak liburuaz arituko dira.
Musika egitarauaren jomuga nagusia hilaren 23an dugu. Gernikako Audience taldea izango baita Lugaritzeko Imanol Larzabal Aretoan. Tokiko Taldeen Erakustaldian apirilaren 22an Krell arituko da Le Bukowskin. 45. Heineken Jazzaldiaren Tokiko Taldeen Hautaketa prozesuan 4 Roots izango dugu 23an FNACen.
Gaur bertan, hilak 19, Murakamiren Superflat. The New Pop Culture erakusketa zabalduko da Okendon. Aipagarria da ere apirilaren 20tik aurrera Loiola Kultur Etxean egingo diren Elvis´75. From Memphis to Loiola.
Haurrei zuzendutako jarduerei dagokienez, bi ekitaldi hauek aipatuko ditugu, biak larunbatean, apirilaren 24an: Ernest Lluch-en Historias de media suela eta Markeliñe taldearen Kartoi biraka Larratxo Kultur Etxean.
Hona hemen apirilaren 19tik 26ra bitarteko agenda, baita haurren agenda berezitua ere.

