Archivo » 2010 » febrero

Otsailaren 11tik 15era inauteri giroa nagusituko da Donostiako kaleetan zehar

Gaur goizean aurkeztu du Donostiako Udaletxean Denis Itxaso, Kultura eta Gazteria zinegotziak, otsailaren 11tik 15era gure hirian ospatuko diren inauteriak. Esan bezala, programa otsailaren 11tik 15era bitartean garatuko da, baina ezin dugu ahaztu Altzako Piñata Igandea otsailaren 21ean ospatuko dela.

Programazioaren ekitaldi nagusiak asteburuan egingo dira, eta jarduerak hiriaren erdialdean bilduko dira. Donostiakultura.com webgunearen prentsa-dossierren atalean duzue inauterien txostena eskuragai.

Hauek dira programatutako jarduera nagusiak:

Inauterietako konpartsen aurkezpena:

Larunbateko eta igandeko Konpartsa eta Karrozen Lehiaketan parte hartuko duten konpartsek otsailaren 12an, ostirala, aurkeztuko dituzte euren jantzi eta koreografiak donostiarren aurrean, Konstituzio plazan, 19:31etik aurrera. Aldez aurretik, Momo Londres Hotelean jasoko dute eta Kontxa Pasealekutik plazaraino kalejira jendetsuan hurbilduko dira, Zozongo batukadak lagunduta.

Konpartsa tradizionalak (oilarrak, lanpernak, danborrada eta kaldereroak) Konstituzio plazan ariko dira larunbatean, hilak 13, 20:31etik aurrera.

Fanfarreak eta batukadak Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleetan barrena: estilo eta jatorri desberdineko fanfarreek gure inauteriak girotuko dituzte

Mañanitas eta udaleko agintarien botereak Momo Jainkoaren eskuetara pasatzea larunbat goizean: nahi duenak, Momo esnatzera hurbildu eta udaletxeraino lagun diezaioke, udal agintariek Momoren eskuetara botereak pasatzearen lekuko izan dadin. Momok bere 3 aginte-egun labur, baina sakonetarako dituen planak azalduko dizkigu…

Jack Sparrow Kapitainak “Trinitate Galeoian” ongi etorria emango digu: lehiaketak, mozorroak eta musika ugari larunbat eta igandean Trinitate plazan jarriko den karpan. Karibeko Piratak filmean oinarritutako girotzea.

Konpartsa eta karrozen lehiaketa larunbat eta igande arratsaldean 17:01etik aurrera. 24 konpartsa, 2.171 parte-hartzaile.  Aurten hiru konpartsa berri izango ditugu: CULLAWADA, Boliviatik etorritako 20 donostiarrek osatzen dute; SHOW TIME konpartsak 25 parte-hartzaile ditu eta parte hartzeko CLOWN gaia aukeratu dute; eta Amara auzoko TXINGOR konpartsa DEABRUAK gaian oinarrituko da.

Gainera, bi konpartsa gonbidatu izango ditugu: larunbateko desfilean Irungo TOXIC konpartsak parte hartuko du, 180 parte-hartzaile ditu eta UNDERWORLD (likantropoak vs banpiroak) gaia izango dute oinarri; igandean, berriz, Errenteriako FURIUS konpartsa izango da, 90 parte-hartzailerekin eta BIKINGOAK gaiarekin.

Desfilea, euskal inauteriak eta haurrentzako jarduerak igande goizean: haurrek guztiz desberdinak diren bi estilotan aurkeztuko dituzte euren koreografiak: konpartsa modernoenak, 11:01etik aurrera Boulevardetik aterata, eta euskal inauteriak, 12:01etik aurrera, Kontxako Ordularietatik hasi eta paseoan barrena udaletxeraino.

Lehiaketak: larunbatean, helduentzako mozorro-lehiaketa eta parodian parte hartzeko aukera izango dugu Trinitate plazan 20:01etik aurrera. Haurrek -14 urtera arte- ere lehiaketatik kanpo parte hartzeko aukera izango dute igandean, 19:46etik aurrera, karpan jarriko den haur desfilean; Aquariumek, Realak, Chillida Lekuk, Zientziaren Kutxaguneak… emandako opari interesgarriak zozketatuko dira.

Sardinaren ehorzketa: astelehenean, otsailak 15, alargunek, nigromantikoek, monjeek, deabruek… hiriko erdialdeko kaleak zeharkatuko dituzte 19:31etik aurrera. Ibilbidea Boulevardeko kioskoan bukatuko dute eta bertan sardinari su emango zaio (erre ahal izango dugu?). Eta ondo bukatzeko, parte-hartzaileei mokadu bat eskainiko zaio, txorizo egosia eta salda beroa, eta zalantzarik gabe horrek bero mantentzen lagunduko die.

Baina festa ez da hemen amaituko. Gainera…

*Okendo Kultur Etxeak Inauteri Festa antolatu du hilaren 12an, ostirala, Haurtxokoan eta Gaztelekuan, 17:00etatik aurrera.

*Gehituk “Gurutze Arrosako neskak” inauteri-festarako deialdia egin du hilaren 13rako, larunbata, 23:30etik aurrera Egiako Kultur Etxean.

*Ikastetxeek ere inauterietan parte hartuko dute hiriko toki desberdinetatik ibilbideak eginez.  Honako hauek izango dira irteerak:

Otsailak 11: Orixe Ikastola, 19:00etik aurrera Parte Zaharreko kaleetatik barna.

Otsailak 12: Herri Ametsa Ikastola, Zurriola Ikastola, Axular Lizeoa, Altza Herri Ikastetxea, Amasorrain, Ikasbide, Aitor Ikastola, Santo Tomas Lizeoa, Maria Auxiliadora eta Maria Reina

Piñata Igandea: Otsailaren 21ean, igandea, Piñata Igandea ospatuko dugu Altzan 11:31etik aurrera. 20 konpartsa inguruk parte hartuko dute eta energiaz beteta agurtuko dituzte Inauteriak. Zalantzarik gabe, 2011ko inauterien prestakizunen hasiera izango da.

Deja un comentario

Al enviar un comentario usted otorga una licencia perpetua de reproducir sus palabras, su nombre y su sitio web. Los comentarios inapropiados serán eliminados por el administrador.