Archivo » 2010 » diciembre
XVII. Nazioarteko Piano Lehiaketa egingo da martxoan Victoria Eugenia Antzokian
martes 28 de diciembre de 2010 por donostiakultura en Albisteak
Donostia Hiria Piano Lehiaketa garrantzi handiko ekitaldia da gure hiriko programazioan eta jarduera pedagogiko-musikalen artean. Eragin handia du nazioartean, Europako foro eta elkarte garrantzitsuenek sostengatzen eta aitortzen dute bere kalitatea eta Espainiako garrantzitsuenetakoa da, zalantzarik gabe.
Une honetatik aurrera, Donostia Kulturak hartzen du bere gain Lehiaketarako deialdiaren eta antolakuntzaren ardura. Horretarako, premiazkoa eta funtsezkoa izango du aholkularitza, alde batetik, Musikenerena, ez da alferrik Euskal Herriko Goi mailako Musika Ikastegia, eta, bestetik, Pianoaren Sustapenerako Elkartearena, berori izan baitzen Lehiaketa hau abian jarri zuena eta 16 ediziotan eraginkortasun eta distira handiz kudeatu duena.
Lehiaketa honen erakartze ahalmen zabalak mundu osoko ehunka profesional eta piano ikasle ekarri eta ekarriko ditu Donostiara. Ahalmen horrek pentsarazten digu –ez genuke besterik nahi– hazkunde, zabalkunde eta bilakaera aukera handiak dituela. Horregatik, are gehiago hurbildu nahi genuke Lehiaketa piano-jotzaile guztiengana, maila guztietako musika ikastegietara, entzuleengana, eta, oro har, herritar guztiengana.
Dena den, hurbilagoko kontuetara etorriz, Lehiaketaren epeak betetzeko eta berriro abian jartzeko –azkeneko edizioa 2009ko martxoan izan zen–, 2011ko martxoan gauzatuko den edizioa hiru kategoria gorenekoetan soilik jokatuko da: Maila ertaina 3, Goi maila 1 eta Goi maila 2. Hau da, 17 eta 26 urte bitarteko adina izango dute parte-hartzaileek. Deialdia nazioartean egingo da, jakina, eta sariketaren ibilbide luzean abalatu eta sostengatu duten organismo guztien bermea izango du, hala naziokoena nola nazioartekoena.
Esan bezala, trantsizioko edizio honen ondoren, 2013an, adin eta maila guztietara irekitako edizioa jokatuko da berriro, eta, epe laburrean, bere jarduerak eta eraginak zabalduz joango da.
Horretarako, Donostia Kulturak orain arte beren laguntza eta sostengu ekonomikoa eman dioten erakundeen –Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa, fundazio pribatuak– lankidetza beharko du eta, esan gabe doa, baita Musikeneren, Francisco Escudero Kontserbatorioaren eta Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren aholkularitza akademikoa ere.
Informazio guztia www.concursopianosansebastian.com webgunean eta prentsa-txostena victoriaeugenia.com webgunearen dossierren atalean.

