Archivo » 2010 » noviembre
Itxaropena argitaletxeak jasoko du 2010eko Dabilen Elea Saria
martes 02 de noviembre de 2010 por donostiakultura en Albisteak

Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigile Profesionalen Elkarteak (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Elkarteak Itxaropena argitaletxeari emango diote 2010 urteko Dabilen Elea saria. Horrela, 36ko gerraren ostean argitaratutako Kuliska sortarekin egindako lana saritu nahi da. Izan ere, Kuliska sortarekin eman ziren gerra osteko euskal liburugintzaren lehen urratsak.
Esan bezala, aurtengoan Itxaropena izango da saritua; aurreko biak, berriz, Antton Olariaga eta Juan Mari Torrealdai izan ziren. Euskal Liburuaren Gauean denak elkartuko dira euskarazko liburaren aldeko ospakizunean, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikustarazteko.
Lehen bi urteetan lau elkartek antolatu dute Gaua. Aurten, gainera, Euskal Irudigile Profesionalen Elkartea gehitu da ekimenera. Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren eta Donostia Kulturaren laguntza du.
Azaroaren 8an, iluntzeko 20:00etan, Victoria Eugeniako Club aretoan ospatuko den jaialdian irakurketak, musika, irudiak eta gonbidatu bereziak izango dira. Guztiak gonbidatuta zaudete Euskal Liburuaren Gauera.
Informazio gehiago duzue donostiakultura.com webgunearen dossierren atalean.

