Archivo » 2009 » diciembre

Victoria Eugeniako 2010eko musika eskaintza aurkeztu da gaur

Victoria Eugenia Antzokiak musika-eskaintza zabala eta kalitate handikoa aurkeztu du gaur 2010eko negu-udaberrirako. Donostiako Kultura eta Gazteria zinegotzi Denis Itxaso eta Donostiako Musika programatzaile Miguel Martínen esanetan, musika-estilo askotarikoak eta mailarik altuenekoak aurkituko ditugu bertan. Bertako artistei dagokienez, Gose hirukote arrasatearrak trikitxa eta elektronikaren nahasketa iraultzailea agertuko du; Alex Ubagok erakutsiko du espanieraz kantaturiko pop-eko erregeetako bat izaten jarraitzen duela; Ken Zazpik frogatuko du zergatik den euskal pop-rockeko talde puntakoenetako bat; Eta Iñaki Salvadorrek hiru emankizun iradokor aurkeztuko ditu, bat Mikel Laboaren musikari eskainia, beste bat hirukote baten buru dela, Francis Posé kontrabaxuarekin eta José Vázquez “Roper” bateriarekin batera, eta hirugarrena, Te doy una canción tituluduna, non kantautoreak eta poetak biltzen baititu. Espainiar produkzioak, berriz, honako hauek ekarriko dizkigu: Ella Baila Sola bikote arrakastatsuaren berragerpena; Quique González kantari, gitarra-jotzaile eta konpositore ezaguna; Celtas Cortos, beti bezain zorrotz eta fresko; Eta Carlos Núñez, musika zeltaren indarberritzailea, orain musika galiziarrarekin eta brasildarrarekin fusionaturik. Nazioartekoetara joz, berriz, hor izango ditugu John Mayall, 75 urteen inguruan, bizitza osoa bluesa ezagutzera emanez; Pablo Milanés, Nueva Trova Cubanako kide ezagunena, bere kanta ederrekin; Eta Rodrigo Leão, konpositore portugaldar garrantzizkoenetako bat, Madredeus taldearen sorreran giltzarri izan zena. Eta programa erakargarri hori osatzeko, Conceptango, dantza eta musikako ikuskizun ikaragarria, tangoa protagonista delarik. Nahitaez nabarmentzekoa da programazio honetan sustatzaile pribatuen partaidetza (Kap Produkzioak, Get In, Gin & Tonic, Syntorama eta Producciones Serrano), ahalegin handia egin baitute, zailtasun ekonomikoen garaiotan, kalitate ukaezina duten eta jendearentzat erakargarriak diren artistak eskaintzen jarraitzeko. Denen lankidetzari esker, Victoria Eugenia Antzokiak goi-mailako musika-programazioa aurkezten du berriz ere, eta Donostiaren kultura-proposamenaren puntarrietako bat dela erakusten, bai eta erreferenteetako bat ere 2016an Europako Kultura Hiriburu izateko Hautagaitzan. Sarrerak bihar, abenduak 22, goizeko 11:30etatik aurrera jarriko dira salgai Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan (ohiko ordutegian) eta Kutxaren ohiko kanaletan: Telekutxa, Servikutxa eta kutxa.net. Argazkiak eta dossierra victoriaeugenia.com webgunean dituzue, Donostia Kultura erakundearen arte eszenikoen atarian, dossierren atalean.

Los comentario están cerrados.