Archivo » 2009 » noviembre

Donostia Kulturak irudi korporatibo berria aurkeztu du

Donostia Kulturak 20 urte egiten ditu eta urtebetetzea Donostia Kulturaren Hiria izan dadin Udal Gobernuak eginiko apustu irmoaren islarik behinena izanik ospatzen dugu. Urteak betetzen ditugu kultur eta aisialdi kontsumoaren jarraibideetan gertatzen ari den iraultza isilaren jakitun, baita krisiaren ondorioz gastu publikoaren aurrekontuak doitu behar direla jakinik ere. Horrek guztiak, baita 2016an Europako Kultur Hiriburu bihurtzeko erronkak ere, Donostia Kulturaren paperari buruzko hausnarketa estrategikoa dakar.

Irudiaren berrantolaketa egiteko une egokia dela uste dugu. Barruko diagnosiaren ondorioz, azken urte hauetan irudia zaindu duen Ytantos agentzia donostiarrarekin batera, gaur ematen dugu ezagutzera marka-aterkia: donostiaKultura.com.

Marka honen trantsizioa irudiaren birkokatzea baino ez da, Udalak kultur alorrean jokatu nahi duen paperaren eta Informazio Gizarteak planteatzen dizkigun erronka teknologikoen ondorioz.

Ez da ustekabekoa irudi korporatibo berriak webgunera bidaltzea automatikoki, gure bizi-errealitatearen eta errealitate analogikoaren ispilu digital den sarera, hain zuzen ere. Laster lehiaketa publikoa deituko dugu benetako kultur ataria sortu ahal izateko; atari bat hiriko, eta inguruko, kultur jarduerei buruzko informazioa jaso ahal izateko.

Aipatutako atarian Donostia Kulturaren erronka batzuk integratuko dira. Musika alorra adibidetzat hartuz, ondorengo programa eta sail hauek jorratuko dira:

  • Eragile publiko eta pribatuen arteko koordinazio organo berria, hiriko musika programazio eraginkorragoa bilatu nahian.
  • Hiriko eszena-gune ezberdinetan, tabernak eta kafe-antzokiak batez ere, formatu txikiko musika zirkuituaren garapena.
  • Donostia Hiria Pop Rock Lehiaketari bultzada berri bat ematea.
  • Eremu klasikoan, proiektu berria lantzen ari gara Victoria Eugenia Antzokiak nortasun artistikoa izan dezan alor honetan ere.

Era berean, Europako kultur erakunde ezberdinekin ari gara mugaz gaindiko harremanak lantzen eta etengabeko elkarguneak ehuntzen ditugu Tabakalerarekin eta inguruko beste kultur agente batzuekin. Azkenik, Donostia Kultura 2016 hautagaitzaren euskarri iraunkorra da (eta izango da).

Ekitaldiari buruzko argazkiak Donostia Kulturaren flickr.com kontuan.

Prents-ohar hau eta logoa donostiakultura.com-eko dossierren atalean.

Los comentario están cerrados.